Eskubide sozialen karta osatzen hasiko dira Oarsoaldean
Eztabaida prozesu bat ireki du Euskal Herriko Mugimendu Sozial eta Sindikalen Batzar Nazionalak. Prozesu horretatik, eskubide sozialen karta osatu nahi dute, eta Oarsoaldeko lehenengo bilera astelehenean egingo dute, 19:00etan, Errenteria-Oreretako Reina aretoan.
Gutun horrek bi helburu nagusi izango ditu. Batetik, ekonomia eta baliabideak “euskal herritarren zerbitzura” jartzea; eta bestetik, “bertan bizi diren pertsona guztiek bizi baldintza duinak eskuratzea, oinarrizko gizarte eskubideen aitortza eta erabileraren bitartez”.
Eztabaida prozesua, “irekia eta zabala” izango dela aurreratu du batzar nazionalak, eta urte bukaerarako nahi dutela behin betiko gizarte gutuna idatzi: “Alegia, Euskal Herrian bizi garen pertsona guztion sentipena eta gehiengoaren interesa jasoko dituen behin betiko proposamena”.
Zentzu horretan, Errenteria-Oreretako bilerara Oarsoaldeko gizarte eragile eta sindikalak deitu ditu, “egungo eredu ekonomikoa salatu eta bestelako eredu batean eraikuntzan indarrak biltzeko”.