"Udal gobernuak emandako datuekin ezinezkoa da EAJk aurkezten dituen kalkuluak egitea"
EAJk Donibaneko atez ateko bilketari buruzko datuen harira egindako kritikei erantzun die gobernu taldeak, eta manipulazioa “eurena” dela adierazi du: “Udal gobernuak emandako datuekin ezinezkoa da EAJk aurkezten dituen kalkuluak egitea”. Ildo horretatik gogorarazi du Pasaian, beira, altzari zaharra, pilak, olioa eta bestelako hainbat hondakin ere sortzen dituztela, eta ez dutela horien gaineko daturik eman.
Emandako datua bilketa sistema berrian ezberdin bildu diren lau gairi buruzkoa dela soilik gogorarazi du, eta datu erabat objektiboa dela: “Irailaren 2tik 20ra bitarte, udal langileek 26.040 kilo hondakin jaso dute gaika Donibanen. Kopuru horretatik %16 errefusa izan da, eta %84 ondo bereizitako hondakinak: organikoa, ontzi arinak eta paperak zein kartoia”.
EAJren jarrera “lotsagarria” dela iritzi dio udal gobernu taldeak: “Bilketa berria ezarri aurretik, gezurrak erabiliaz, herritarrak astintzen zituzten, kontrako jarrera bultzatuz. Irailaren 2tik aurrera, sistemaren kontrako benetako argudiorik ez dutenez, modu desegokian ateratako zabor poltsa bat eta egun jakin batean zaborrontzi zehatz bati ateratako argazkia erakutsi dizkigute”.
EAJrengana zuzendu da, eta zehazki, Nahikari Otermin bozeramailearengana, eta “arduraz eta zintzotasunez jokatzeko” eskatu diote.