Manifestazioa egin dute oiartzuarrek
Herrira mugimenduaren aurkako
polizia operazioa salatzeko manifestazioa egin dute oiartzuarrek
Konponbideari erasorik ez. Utzi bakean Euskal Herria lelopean.
Atxilotutako hemezortzi lagunei “besarkadarik beroena eta elkartasun osoa” adierazi diete bertaratutako lagunek. Herrira-ren sorreraren helburuak ere gogorarazi dituzte: “Herrira duela urte eta erdi inguru jaio zen, herritar mugimendu anitz bezala. Bere helburuak euskal preso eta iheslarien euskal herriratzea, gaixotasun larriak eta kondena betea dutenen askatasuna lortzea dira”. Herritarrek argi utzi nahi izan dute operazio polizial hau “presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak kaletik ateratzeko estrategiaren barruan kokatzen” dela eta Espainiako Estatuak “presoei dagozkien aldarrikapenak desagerrarazi eta kriminalizatu nahi” dituela.
Erasoaren tamainako erantzuna
Polizia operazioari erantzun egin behar zaiola nabarmendu dute, “kaleak hartu estatuen nahien aurka”. Bide horretatik, mobilizazioetan “masiboki” parte hartzeko deia luzatu dute: “Argi ikus dezatela herri oso bat dutela parean eta herri honek konponbidea nahi duela”.
Hala, asteazkenean (urriak 2) Oiartzungo eragile guztiekin eta herritarrekin asanblea izango da atxikimenduak lortzeko. 19:00etan jarri dute hitzordua. Ostiralean (urriak 4), 19:00etan, auzoetan ekimenak izango dira eta 20:00etan Doneztebe plazan elkartzeko deia egin dute.
Larunbatean nazio mailako mobilizazioa izango da.