Herri lasterketa baino gehiago
Larunbateko Euskaraz Bizi Nahi Dut herri lasterketa, ez da kirol probara mugatuko, eta antolakuntzak hori baino ekitaldi gehiago antolatu ditu: kontzertua, Hibaikaren arraun erakustaldia eta antzezlana.
Ostiralean hasiko dira ekitaldiak. Hain zuzen, Oarsorock-en laguntzarekin, rock kontzertuak izango dira, 21:30ean, Niessen aretoan: Crisischrist, Infest, Titadine, Kamorrak eta Ras. Zehazki, II. Etengabeko Zarata Jardunaldien barruan sartu dituzte kontzertu horiek.
Hurrengo egunean izango da egun handia. Hasteko, Hibaikaren eskutik batelen estropada erakustaldia izango da. 16:00etatik aurrera, Oiartzun ibaian.
Segidan, 17:00etan herri lasterketa izango da, eta amaitu, dutxatu eta egin beharrekoak egin ondoren, 22:00etan, antzerkia izango da Niessen aretoan: Lingua nabajorum. Euskararen historia da lan horren ardatza. Euskaldunak urtetan liskarrean egotearen ondorioz garatu dela euskara kontatuko du, eta gatazka bakoitzari euskararen aldaketa bat dagokiola: “Hortaz, euskararen garapena ez da inoiz geldituko, gatazkak, modu batekoak ala bestekoak beti egongo direlako”. Ikusleak izugarrikeria hori asmatu dutenak “txikitu” nahiko dituztela dio sinopsiak, eta horrela, euren tesia “frogatuta” geratuko dela: “Gatazkak beti iraungo du, zuek aberrazio hori definitzeko hitz berriak sortzeko beharra nozituko duzue, eta horrela euskarak aurrera jarraituko du bere bilakaeran”.
Sarrerak salgai daude kulturgunean. Orokorrak 5 euro balio du, eta 4 euro gazte txartela eta 65 urte gorakoen sarrerak.