Bihar eramango dituzte epailearen aurrera Herrira-ko atxilotuak
Atzo eta gaur Guardia Zibilaren aurrean deklaratzera eraman ondoren —deklaratzeari uko egin diote—, OARSO BIDASOKO HITZA-k baieztatu du bihar eramango dituztela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera deklaratzera Herrira-ren polizia operazioaren barruan atxilotutako hemezortzi lagunak. Horien artean dago Manu Ugartemendia errenteriarra. Guardia Zibilaren egoitzan izan diren bitartean atxiloaldi komunikatua izan dute atxilotuek, eta besteak beste, konfiantzazko abokatuekin harremana izateko aukera izan dute.
Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ostean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurretik pasatu beharko dute atxilotuek bihar goizerako. Inkomunikatuta ez daudenez, gehienez ere 72 ordura luza dezake Guardia Zibilak atxiloaldia. Gainera, dei baterako eskubidea dute atxilotuek, baina guardia zibilek beraiek deitu zieten senideei atxilotuta zeuzkatela esateko.
Auzitegi Nazionalera eramaten dituztenean, epaileak erabaki beharko du zer neurri ezartzen dion atxilotu bakoitzari; edo baldintzarik gabe espetxera bidaliko dituen, edo, bestela, aske uztekotan, zein baldintzatan utziko dituen aske.