Egoitz Etxebeste
Lunatikoak. Zientziaren bidezidorretatik liburua argitaratu du Egoitz Etxebestek (Oiartzun, 1978), Elhuyarrekin. Titulua irakurrita zientzialari eroen istorioak biltzen dituela pentsatu du baten batek, baina “punta-puntako” zientzialarien istorioak ekarri ditu liburura Etxebestek.
Nondik noa atera duzu liburua?
Elhuyar aldizkariko erredaktorea naiz eta bertan atal bat dut Istorioak izena duena eta Lunatikoak liburua artikulu horien bilduma bat da. Horiekin batera ilustrazioak daude istorio bakoitzeko, Manu Ortegak eginak.
Lunatikoak liburuan zientzialari eroen istorioak topatuko ditugula dirudi. Hala al da?
Denetarik dago. XVIII. mendearen erdialdera Ilargiaren kluba deitzen ziotena sortu zuten Manchesterren (Ingalaterra). Kideak oso zientzialari garrantzitsuak ziren, besteak beste, Charles Darwinen aitona Erasmus Darwin, James Watt lurrun-makinaren aita… Garai hartako punta-puntako zientzialariak ziren. Beti ilargi beteko gauetan elkartzen ziren eta horregatik jarri zioten izen hori.
Bestalde, lunatikoaren kontzeptuak istorio horien izpiritua ongi adierazten duela iruditzen zait. Bide berriak ireki zituztenak dira eta momentu hartan oso zailak ziren onartzeko eta zenbaitetan lunatiko bezala ere ikusiko zituzten.
Emakumerik ba al zegoen klub horretan?
Ez ez, denak gizonak ziren. Garai horretan zientzialariak gehienak gizonak ziren. Emakumeen adibideak bilatzen saiatu naiz, baina ez da erraza. Emakumeek bidea itxia zuten. Sophie Germain frantziarra, esaterako, lehen emakume matematikaria izan zen. Txikitatik argi zuen matematika ikasi nahi zuela eta gurasoak lehenak izan ziren ezezkoa ematen. Orduan 1987. urtean zen, Frantziako Iraultza gertatu zen urtea, eta emakumeek egin behar zutena zen ezkondu, haurrak eduki, zaindu… Berak hala ere matematikekin jarraitu egin zuen, ezkutuan ikasten. Pariseko unibertsitatean distantzia ikasketak egiteko aukera ematen zuten eta berak gizon baten izena eman zuen eta horrela lortu zuen matematika ikasketak egitea. Sekulako lana egin zuen.
Liburuan ze bestelako istorio bildu dituzu?
Antoine Van Leewenhoek merkatari arrunt bat zen, jatorri umileko pertsona. Garai hartan, XVII. mendean lehen mikroskopioekin hasi ziren, horrekin txundituta gelditu zen eta etxean mikroskopioak egiten hasi zen bere kasa. Kontua da munduko mikroskopiorik onenak egiten hasi zela. Eta zer pasa zen? Ordura arte inork ikusten ez zituen gauzak ikusten hasi zela: mikro organismoak, bakterioak, alga unizelularrak… Imajinatu jendeak inoiz ikusi ez zituen gauzak ikusten hasi zela, bazeudenik ere ez zekitela.
Semmelweis izeneko beste baten istorioa ere badago. Medikua zen eta Vienako ospitalean egiten zuen lana, XIX. mendearen erdialdeaz hitz egiten ari gara. Ordu hartan emakume asko hiltzen ari ziren erditzean. Kezkatuta, ikertzen hasi zen. Bi ospitale zeuden eta batean gehiago hiltzen ziren bestean baino. Gehiago hiltzen ziren tokian ikasleak eta medikuak zeuden eta besteak erizainak eta emaginak. Praktikak hildako gorpuekin egiten zituztela ohartu zen eta gero erditzeetan laguntzen zuten baina eskuak garbitu gabe. Begira ze gauza sinplea, berak proposatzen zuena zen eskuak garbitzea. Gauza da garai hartan mediku bati esatea eskuak garbitu behar zituela iraina zela eta Semmelweisi ez zioten kasurik egin. Are gehiago, iraindu egin zuten eta erotuta hil egin zen.
Gaur egungo zientzialariekin horrelakorik gertatzen da?
Seguraski bai baina askoz ere zailagoa da. Orain bertan ez dakizu zer izango den egia. Seguraski disparate pila bat ari garela egiten orain, zentzurik ez duten gauzak sinesten ditugula edota kontrakoa. Hemendik ehun urtera jakingo da. Dena den, orain bizirik dauden pertsonen istorioak bilduko ditut, ibilbide luzea egin dutenenak. Emakumeen gaiak ere ematen du horretarako.