Fusilatuen senideak, Pikoketako monolitoan
Irungo Nicolas Gerendiain elkarte errepublikarreko kideek 1936ko gerran Pikoketan fusilatutako lagunak omendu zituen igandean. Frankoren indarrek 13 irundar fusilatu zituzten bertan 1936ko abuztuaren 11n. Bertan bildutakoek eskatu zuten gertatutakoaren “egia” lau haizetara zabaltzea, eta horrekin batera “justizia” egitea, “faxismoa berriz ere biziberritu ez dadin”.
Bernardo Usabiaga fusilatuaren anaiak, Marcelo Usabiagak, 1976. urtean ekin zion hilobiaren kokalekua bilatzeari, jakin baitzekien Pikoketa inguruan fusilatu zutela anaia. Bertako baserriko bizilagun batek emandako informazioari esker aurkitu zuen hilobia, eta 1978ko uztailaren 28an, gorpuak bertatik atera zituzten fusilatuen senideek. Garaiko hedabideek jaso zuten berri hura, eta lau egun beranduago, lehen omenaldia jaso zuten fusilatu horiek. Hala, Irungo Junkaleko Andre Mariaren parrokian omendu zituzten lehendabizi, eta ondoren, Irungo Blaia kanposatuan lurperatu zituzten horien arrastoak.
Pikoketako erasoa
2002. urtean Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzak 1936ko gerran desagertutako eta fusilatutakoen senideei laguntza emateko asmoz, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean ikerketa plan berri bat abiatu zuen.
Lourdes Herrasti eta Jimi Jimenez arkeologoen, Iñaki Egaña historialariaren eta Francisco Etxeberria medikuntza forenseko irakaslearen neurriko adituek ekin zioten Pikoketako fusilatuen inguruko ikerketari. Horiek bildutako datuen arabera, “1936ko abuztuaren 11n, matxinatutako indarren buruzagi Solchaga koronelak Aia-Erlaitz-Pagogaña lerroa hartzeko agindua eman zien bere gizonei”.
Joaquin Ortiz de Zarate koronelak gidatu zuen erasoa. Hala ere, hamabost lagunek osatutako talde ttiki batek soilik defendatzen zuen Pikoketa, indar nagusiak Erlaitzeko gotorlekuan zeudelako. Pikoketa baserrian kokatutako metrailadoreak ez zuen ezertarako balio izan egun hartan. Hamabost gazte haietatik bik bakarrik lortu zuten ihes egitea: Alejandro Colinak eta Patxi Arozenak, hain zuzen. Gainontzekoak baserriaren hormaren aurka jarrita fusilatu zituzten, momentuan bertan. 17 eta 25 urte arteko gazteak ziren denak.
1936/08/11n Pikoketan fusilatuak:
Mertxe Lopez Cotarelo. Irungo Gazteria Komunistako kidea.
Pilar Valles Vicuña. Irungo Gazteria Komunistako kidea.
Jose Mari Arruti Idiakez. Irungo Gazteria Komunistako kidea.
Victor Genua Montiano. Soldadu irundarra eta EAJko militantea.
Jesus Lopez Casado. Alderdi Komunistako kidea.
Agapito Dominguez Taguada. Irungo Gazteria Komunistako eta herriko batzordeko kidea.
Bernardo Usabiaga Jauregi. Irungo Gazteria Komunistako kidea eta ezkerreko ikasleen sindikatuko militantea.
Manuel Justo Alberti. Irundarra, gozogilea profesioz.
Migel Jacinto Lopez. Karabineroa.
Vicente Argote. Karabineroa.
Agustin Migel Bermejo. Karabineroa.
Felix Luz Etxebarria. Karabineroa
Angel Braña Lopez.