
Lasaren alde hamarnaka herritar bildu dira
Juantxo Lasa
Txikierdi oreretarraren senide eta lagunek presoak Sevilla II espetxean bizi duen egoera salatu zuten atzo arratsaldean egin zuten agerraldian. Azaroaren 28tik gose greba mugagabean daude bertan Txikierdi, eta harekin batera espetxean dauden euskal presoak, “Sevillan burutzen ari diren borrokaldia, oinarrizko giza eskubideen aldeko borrokaldi bat da. Ezinbestekoa da sakabanaketa politikarekin bukatzea horrelakoak ekiditeko. Espetxearen barruko beste espetxe batean daude euskal presoak Sevilla IIn”. Gaur, beraz, 25. eguna beteko dute bertako presoek gose greba mugagabean.
Horregatik, larunbatean, 18:00etatik 20:00etara eta Niessenen, elkarretaratze iraunkorra egingo dure presoen borrokaldiarekin bat egiteko. Gainera, goizean, herritik zehar auzolanean informazioa banatzen egongo dira presoaren hurbilekoak. “Egunak aurrera doazen heinean, presoen osasun egoera okertzen ari da. Muturreko borroka da honakoa, baina zoritxarrez horrelako erabaki bat hartzera behartuak izan dira, bestelako bideak eta aukerak agortu baitituzte”, esan zuten atzoko agerraldian. Alta, duela 28 urtetik preso denetik, Txikierdik “oso bizi baldintza gogorrei” aurre egin behar izan diela zehaztu dute haren hurbilekoek.
Presoaren senide eta lagunen ustez, isolamendua eta sakabanaketa politikarekin amaitu behar da, “eta konponbidearen eta eskubideen defentsaren alde aurrerapausoak ematea ezinbestekoa da”. Horretarako funtsezkotzat eman dute gizartearen inplikazioa. Izan ere, azaldu dute sakabanaketak presoak euren ingurune “sozial, kultural eta afektibotik” urruntzen dituela, “eta Sevilla IIkoa bezalako egoerak hori errazten du.
Sevilla IIko egoera
Espetxeko bizi baldintzen kontra borrokatzeko abiatu zuten protesta ekintza muagagabea Sevilla IIko presoek. Bertan, beti isolamenduko moduluan izaten dituzte euskal presoak; ez diete jarduerarik egiten uzten; patiora irteterakoan metalen detektagailutik pasatu eta gorputz osotik ukimenezko miaketak egiten dizkiete “zakila edo barrabilak ukitzera helduz”; eta aurrez aurreko bisitak bakarka egiteaz gain (ez diete uzten bi euskal presori batera bisitetara ateratzen), horien bueltan miaketa integralak egiten dizkiete. Arkaitz Bellon presoak jipoia jasan zuen espetxe horretan.