Mitxelena, gaurko agerraldian
Irungo EH Bilduk Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harirako bere iritzia azaroaren 8an eman zuen, udalean erregistratutako dokumentu baten bidez (beheko PDFan dago euren idatzia), eta hori urtero udalak azaroaren 25aren harira egiten duen erakunde adierazpenaren lanketan kontuan har zedin eskatu zuen. Aldi berean, egunari lotutako adierazpenak —egitaraua osatzeko egiten den bezala—, Berdintasun Batzordean egin zedin eskatu zuen. Oinatz Mitxelena Irungo EH Bilduren eledunak gaur goizean jakinarazi du ez adierazpena kontuan hartzeko bidea, ez hura lantzeko markoarena ez direla kontuan hartu, udal gobernuaren “formak” gaitzetsi ditu.
Mitxelenak esan du azaroaren 15ean egin zutela azaroaren 25eko adierazpena egiteko bilkura, baina ohiko Bozeramaileen Batzordean eta ez Berdintasun Mahaian. Gainera Eudelek emandako testua soilik kontuan hartu zutela beste alderdietako zein gobernu taldeko kideek esan du, eta hori onartu zutela. Hala, bi gogoeta egin ditu horren harira Mitxelenak: “Batetik, Berdintasun Mahaian guk sinesten dugun bezala beste alderdiek ez dute sinesten, eta bestetik, ez dugu onartuko mahai horren erabilera interes zehatz batzuetarako”. Hortaz, udalaren erakunde adierazpena bozkatzeko garaian abstentziora joan zuen EH Bilduk, beste alderdiek alde bozkatu zutelarik.
Horregatik guztiagatik, Mitxelenak jakinarazi du EH Bilduk ez duela parte hartuko udalak zein hiriko hainbat emakume taldek astelehenean, 19:00etarako Zabaltza plazan izango den elkarretaratzean. Baina nabarmendu du astelehenean ere, 19:30ean eta toki berean TASek (Txungudi Anti Sexista) taldeak deitu duen kazerolada-manifestazioarekin bat egiten duela koalizioak, “eta irundar guztiei dei egiten diegu horretan parte hartzeko”.
EH Bilduren erakunde adierazpen proposamena