Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Lezoko eta Irungo udaletxeen aurrean, Oarso eta Bidasoko nahiz Gipuzkoako beste udalerrietan bezala, kiroldegietako langileek ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deituta. Hitzarmenaren defentsan egin dute protesta aste honetan bigarrenez, euren lan baldintzak jokoan daudela salatzeko.
Iker Callao LABeko ordezkariak azaldu duenez, Lezoren kasuan udaletxe aurrera eraman dutela protesta “udala azken erantzulea delako. Hitzarmena langileei aplikatzeko erabakia bere esku dago. Azpikontrata bidez kiroldegia kudeatzea erabaki zuen eta horrek suposatzen du gutxienez hitzarmena aplikatu beharko lukeela”. Lan erreformaren ondorioz hitzarmena bertan behera gelditzen bada kiroldegiko langileei hitzarmen hori aplikatzen jarraitzeko konpromisoa eskatu dio udalari: “Bere pliegoetan langile hauek orain duten baldintza berberetan jarraituko dutela zehaztea da eskatzen dioguna. Horrekin batera langile hauei subrogazioa aplikatuko zaiela ziurtatzea eskatu diogu udalari”.
“Udaletxeek diru nahikorik ez dutela ematen ondoren enpresek kiroldegietako langileei hitzarmena ezartzeko esan zuen enpresarien ordezkaritzak azaroaren 4an negoziazio mahia uzteko unean. Hori izan zen arrazoi nagusia”, gaineratu du Callaok.
Irungo kiroldegietako langileen protesta
Lezoko Udalarekin harremanak izan dituztela sindikatuek esan du Callaok: “Udalaren egoera kaxkarra izanik ere hitzarmena ezartzen dela ziurtatzeko ahalegin berezia egingo zuela erantzun ziguten. Hori ziurtatzeko baliabide nahikoak jartzeko eskatzen diogu udalari eta horrekin batera horren kontrola egitea, azken batean enpresei ematen zaiena diru publikoa delako. Diru hori langileekin erabiltzea nahi dugu eta ez enpresan gelditzea”.