La Bacaladerak gol bakarragatik galdu du Erandion
La Bacaladera Hondarribiak ezin izan zuen garaipena lortu asteburuan Erandion, eskubaloiko Euskal Ligako bederatzigarren jardunaldian. Gol bakarrez galdu zuen Hondarribiko taldeak (21-20) eta atzerapausoa eman du sailkapenean, hirugarren lekua galduz, Erandiok berak aurreratu diolako. Erandio da orain hirugarren 12 punturekin eta ondoren hiru talde daude 11rekin: Amenabar, Escolapios eta La Bacaladera. Gorago, Usurbilek lidergoa sendotu du, bigarren tokian dagoen Soraluceri gailendu baitzaio. 17 punturekin dago Usurbil eta 13rekin geratu dira Soraluzekoak.
Datorren asteburuan etxean jokatuko dute Viki de la Hazaren mutilek. Ohi bezala, igandean izango da, 12:00etan, Gure Auzuneren kontra. Gasteiztarrak 10 punturekin daude sailkapenean, gehienak etxean lortutakoak. Kanpoan jokatutako lau partidetatik bakarra irabazi dute, eta hiru galdu.