Elkartasun afaria egingo dute Hondarribiko Klink elkartean abenduaren 13an
Klink elkartean elkartasun afariekin aurrera jarraitzen dute. Hurrengoa abenduaren 13an egingo dute, eta krisiaren eragina jasaten ari diren familientzako bideratuko dute lortzen den dirua, Caritasen bidez. Hasteko, Klink-ekoek izan dute laguntza, herriko EAJk afariko jakiak ordainduko dituelako, “bihotzez eskertzen dugu EAJren ekarpena”, esan dute elkarteko kideek.
Afariaren menuaren prezioa 15 eurokoa izango da, baina joan ezin dutenek badute ekarpena egiteko aukera, 0 lerroa ekimena abian jarri dutelako: hori egin nahi dutenek Kutxabank-eko nahiz Laboral Kutxako bulegoetan egin dezakete ekarpena, Klink elkartearen kontuetan. Sarrerak honako tokietan lor daitezke: Batzokia, Kaialde gozodenda, Alzaga urdaiazpiko denda, eta Klink elkartean bertan.
Klink-etik deia egin diete hondarribiarrei bertara joan daitezen, “horrela Gabonetan ere elkartasun keinua egin dezagun”.