Euskararen Egunean erdigunea hartuko dute
Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak eta herriko euskalgintzak elkarretaratzea antolatu dute astearteko Euskararen Egunaren harira. Ekimen hori, 19:00etan izango da, Herriko Plazan.
Topaguneak egindako Euskarak 365 egun leloarekin bat egin dute, eta helburua erdigunea, plaza, hartzea izango da. “Gure izateko gogoa eta poza eszenifikatzeko ekintza bat” izango dela aurreratu dute. Asmoa komunitatearen protagonismoa aldarrikatzea izango da, eta komunitate horrek instituzioen aurrean protagonismoa hartzea.
Hala, herritar guztiak animatu dituzte ekintza horretan parte hartzera, eta eurak ere euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu eta plaza hartzera.