Irungo Lanbideren egoitza
Azaroaren 30ean, urriaren azken egunarekin alderatuz, Lanbideko bulegoetan izena emanda 50 pertsona gutxiago zeuden Bidasoan, eta 57 gutxiago Oarsoaldean. Oarso Bidasoan, beraz, 107 lagunetan jaitsi da langabeen kopurua. Bi eskualdeen artean denera 11.775 pertsona daude lanik gabe egun, 6.162 Bidasoan (%16,83ko tasa), eta 5.613 Oarsoaldean (16,37). Iazko azaroaren bukaeran 11.826 herritarrek ez zuten lana, 6.182 Bidasoan (%16) eta 5.644 Oarsoaldean (%15,99). Hortaz, urtetik urtera kopuruan behintzat langabezia jaitsi egin da Oarso Bidasoan, baina tasa, aldiz, igo egin da. Hori gertatu da lan merkatuan pertsona gehiago daudelako.
Gipuzkoan, denera, 666 pertsonatan jaitsi da langabeen kopurua azken hilabetean, 49.208 langabeetara iritsiz (%14,53). Iazko azaroaren bukaeran 48.173 pertsona zeuden lanik gabe (%13,73). Bidasoak eta Oarsoaldeak, hurrenez hurren, jarraitzen dute izaten herrialdean langabezia gehien duten eskualdeak.