Errepublika eta eskubide sozialak hizpide Errenteria-Oreretan
Garbiñe Biurrun epaileak Errepublika eta lan harremanetako eredu demokratikoa hitzaldia emango du, asteazkenean, 19:00etatik aurrera, Errenteria-Oreretako Reina aretoan. Ekitaldi hori Pikoketa Oarsoaldeko Errepublikazaleen Elkarteak antolatu du.
Hitzaldian zehazki landuko dutena izango da II. Errepublikak zer ekarri zuen garai hartako lan araudian eskubide sozialen konstituzionalizazioari dagokionean. Lege garrantzitsuenei begiratuta, sekulakotzat jo ditu elkarteak, kantitate eta kalitateari dagokionean.
Era berean, emakumea lan munduan sartzeko urratsak egin zituztela ere azalduko du Biurrunek, eta nola Francoren erregimenak hori guztia deuseztatu zuen.
Hitzaldi horren bidez, talde errepublikanoaren helburua da ikusaraztea Errepublikaren barruan biltzen dela alternatiba, “lana eskubide izateko, irtenbidea kaleratzeen merkatzea ez izateko eta negoziazio kolektiboaren markoa berreskuratzeko”.
Manifestazioa, Donostian
Donostian III. Errepublikaren alde ostiralean, hilak 6, egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdiarekin bat egin du Pikoketa taldeak. Ekimen hori Gipuzkoako talde errepublikanoek antolatu dute. 12:30ean abiatuko da Bulebarretik.
Zentzu horretan, sistemaren aldaketa eskatuko dute eta Espainiako Konstituzio Errepublikanoaren prozesua martxan jartzeko.