Euskaldun berriek euskara ikasi eta erabiltzeko egiten duten saiakera nabarmen geratu da gaur Euskararen Nazioarteko Egunarekin Kasino Zaharrean egin den mintzodromoan. 50 pertsona inguruk parte hartu dute Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Udal Euskaltegiak antolatutako ekitaldian eta denek irribarre batek aldegin dute bertatik.
Euskaldun berriek euskara ikasi eta erabiltzeko egiten duten saiakera nabarmen geratu da gaur Euskararen Nazioarteko Egunarekin Kasino Zaharrean egin den mintzodromoan. 50 pertsona inguruk parte hartu dute Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Udal Euskaltegiak antolatutako ekitaldian eta denek irribarre batek aldegin dute bertatik.
Udal Euskaltegirako lan tresna da mintza praktika eta Mintzodromoak ikasleei beste aukera bat ematen diela iritzi dio Arantxa Ezeiza zuzendariak: “Euskaltegiko orduetan da eta hori ondo datorkigu. Gainera, euskaltegikoak ez diren beste pertsona batzuekin solasaldian aritzeko aukera dute ikasleek”. Bigarren aldiz antolatu dute Mintzodromoa eta bietan buru belarri inplikatu dira euskaltegiko irakasle eta ikasleak.
Aurten, gainera, lehen aldiz antolatu dute Mintzalaguna egitasmoa Hondarribian —lehen Irunen hartzen zuten parte hondarribiarrek— eta mintzalagun eta mintzakideak batu zaizkie euskaltegiko ikasleei. Haiekin, hainbat zinegotzi izan dira mintza praktika egiten. Maite Berruet Mintzalaguna egitasmoaren arduraduna da Hondarribian eta, aurtengoa lehen urtea izaten ari den arren, erantzunarekin pozik daudela dio: “54 lagun daude izena emanda eta Irunen egiten zenean 20 inguru ziren parte hartzen zuten hondarribiarrak”.
10:30etik aurrera bi orduz aritu dira Kasino Zaharrean euskaraz hitz egiten. Tarteka talde aldaketa egin dute eta, hala, jende berriarekin eta gai berriaz mintzatzeko aukera izan dute parte hartzaileek. Kafea eta tortilla pintxoak ez zaikie falta izan, ardoa bai, “baina udalak ezin du alkoholaren kontsumoa sustatu”, erantzun die Karmelo Goikoetxea Euskara Zerbitzuko zuzendariak eskatu dutenei. Broma asko egon da gaurko Mintzodromoan, giro ezinhobean burutu baita ekintza; hori bai, lana serio egin dute denek eta inor ez da joan Kasino Zaharretik zerbait ikasi gabe.
Azken solasaldi txanda amaituta, Txomin Sagarzazu Euskara zinegotziak adierazi du euskara ikasten ari direnei aitortza egin nahi dietela gaurko egunarekin: “Mintzodromoarekin euskara lantzen ari diren pertsonei aitortza egin nahi diegu, askotan bigarren mailako euskaldunak direla sentitu badute, hori alde batera utzi behar dugu. Beren prozesua segitzen dute, ikasten, baina euskaldunon komunitate barruko kideak dira. Aitortza erabileratik etorri da, erabilerak elkartzen gaitu. Euskaldunon aniztasunaren barrenean tipologia desberdinekoak gara, denak ez gara jatorriz etxetik euskaraz dakigunak, denak ez gara eskolan ikasitakoak, baina erabilerak batzen gaitu, eta bide horretan hondar ale bat da Mintzodromoa”.