Hondakinen Taldearen txostenak ez duela udalaren erantzunik jaso salatu dute
Duela urtebete jarri zen martxan Ingurumen Aholku Kontseiluaren barruko Hondakinen Taldea Errenteria-Oreretan hondakinen bilketa sistemaren gainean lanketa bat egin eta proposamen bat aurkezteko. Denbora horretan hamahiru auzo elkarterekin bildu da, hondakinen bilketa sistema ezberdinen inguruko iritzi kontrajarriak dituzten adituekin bi mahai inguru egin ditu eta udalean ordezkaritza duten talde politiko bakoitzarekin bilera bana egin du. Lanketa horren ondoren, uztailean Errenterian Hondakinak Biltzeko Sistema Hobetzeko Proposamena dokumentua aurkeztu zuten.
Uda ostean, udalaren erantzunen bat jasoko zutela espero zuten, baina oraindik zain daude. Udalbatzarrera ere ez dutela eraman salatu dute, hura eztabaidatzeko. “Zeren zain zaudete?”, galdetu die Hondakinen Taldeak. Epe horretan dokumentu horretako hainbat proposamen martxan egon zitezkeela salatu du, ez dutelako inbertsio ekonomiko handia eragiten, eta aurreztea ekarriko luketelako.
Zentzu horretan, talde politikoekin berriro biltzeko asmoa agertu du; oraindik talde bakoitzak ez dielako aldeko edo kontrako iritzirik eman. Hala, udaleko talde politikoei gatazka politikoak eta bozka bilaketak alde batera uzteko eskatu die, “herriko hondakinen kudeaketa hobetzeko”.
“Babesa” jaso duen proposamena
Hondakinen Taldeak gogorarazi duenez, bere proposamenak hamahiru auzo elkarteetatik bakarraren ezetza jaso du, beraz, “babesa” lortu duela uste du.
Proposamen horrek bosgarren edukiontziaren bidezko bilketa, derrigorrezkotasuna eta erabiltzaileen identifikazioa jasotzen du. Era berean, hondakinak nahasian jasotzeko edukiontzi berdea kaleetatik kentzea, eta horren ordez, materia organikoa eta errefusa bereizita biltzeko edukiontziak jartzea proposatu du talde horrek.
Horrez gain, udal ordenantza eguneratzea eskatzen dute, “hondakinak jatorrian banatzea derrigorrezkoa dela barneratuz, eta hori betetzen dela bermatzeko neurriak hartuz”. Udalaren betebeharra “bilketa sistema eraginkor eta erosoa eskaintzea” dela uste du Hondakinen Taldeak, “baita hori betetzen dela ziurtatzea ere”.