Mondragon Unibertsitateko Bidasoko Kanpusean, Irunen, Ika Mizka egitasmoaren barruko saioa egin dute goizean, 10:00etatik 12:40ak arte.
Eta hik nola bizi dunk euskara? leloarekin, euskararen erabileraren gaineko gogoeta egin dute 100 ikaslek eta aurpegi ezagun askok, gehienak kulturari eta sorkuntzari lotutako izen handiak. Politikariak ere egon dira saioan, Mondragon Unibertsitateko kideez gain. Gaztezulok eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen dute Ika Mizka, eta gaurko Euskararen Egunaren harira egin dute.
Hasteko, bideo laburren bidez, euskararen erabilerari buruzko hainbat gai planteatu dizkiete parte hartzaileei, eta ondoren, taldetan banatuta, norberak euskararen gainean bizi dituen esperientziak konpartitu ditu. Bi txandatan egin dituzte solasaldiak. Horiek bukatutakoan Gaztezulo IV Bideo Lehiaketaren sarien banaketa egin dute, eta film garaileak proiektatu dituzted. 13:00etatik aurrera, Maisha MC musikariak saioa egin du.
100 ikasleez gain, esan bezala, izen ezagun asko bildu dira Bidasoko Kanpusean: Fermin Muguruza, Gorka Urbizu, Galder Izagirre, Tania de Sousa, Iban Zugarramurdi, Iñaki Otxandorena, Aitziber Estanga, Kristian Amorena, Endika Lahaine musika alorretik, eta beste hainbat alorretako Ainhoa Urretabizkaia (Gazteako esataria), Jonas Ormabera eta Ane Cazorla (biak ETBko
101 gaztelu programako kideak, Cazorla judoka da ere), Gari Garaialde eta Irantzu Pastor argazkilariak, Iraia Oiartzabal moda disenatzaile pasaitarra… Gainera, politikoek ere ez dute hutsik egin, Martin Garitano ahaldun nagusia, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Zigor Etxeburua aldundiko Euskara zuzendaria, Fernando San Martin Irungo Udaleko Euskara ordezkaria, edo Mondragon Unibertsitateko errektore Josu Zabala ere bertan izan dira.