Frantziako Poliziak bart atxilotu du Hendaian Jon Iurrebaso iheslaria. Klasetik atera eta autoz etxera zihoalarik. Berarekin autoan zihoan beste pertsona bat ere atxilotu zuten, baina libre utzi, goizaldean. Iurrebaso, aldiz, Baionako polizia etxera eraman zuten
Iurrebaso 2007ko martxoaren 29an atxilotu zuen Frantziako Poliziak Perigueuxen (Dordogne), ETAko kide izatea leporatuta. Atzeman zutenean —Kepa Suarezekin atxilotu zuten— ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan zebilela esan zion poliziari Iurrebasok.
La Sante eta Osnyko espetxeetan eduki zuten preso hiru urtez, eta 2010eko irailaren 22an utzi zuten libre, osasun arazoengatik, baldintzapean; baldintza gisara jarri zioten orduan Paris ingurutik ez ateratzea eta astean bitan polizia etxera sinatzera joatea.