Ohi bezala, hilaren 31n kalez kale aterako dira kopla zaharrak abestera Errenteria-Oreretan Ereintza elkarteko eta Xenpelar Bertso Eskolako kideak. 17:45ean egingo dute entsegua Ereintzaren egoitzan, eta 18:15ean aterako dira kantatzera. Udaletxeko arkupetan bukatuko dute bidea 20:45 inguruan. Honakoa da ibilbide zehatza: Dessira, Zuketz, Gailur, Aralar, Leku Zaharra, Irrintzi, Arkaitza, Onena eta Maite tabernak. Herritarrei parte hartzeko eskatu diete.
Iaz bezala, aurten ere talde bakarra aterako da kantari, gazte eta helduek bideak batu dituztelako, “usadioak indar eta denboran iraun dezan”, antolatzaileen arabera. Horrela, kantariekin batera, eta betiere Xabier Vesgaren zuzendaritzapean, Ereintza elkarteko txistulariak, Nerea Vesga trikitilaria, edo Harkaitz Oiartzabal eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak ibiliko dira giroa ezartzen abeslariekin batera.