Plastikozko edalontziak ordezkatuko ditu aldundiak Uliazpiko egoitzan
Gipuzkoako Foru Aldundia Zero Zabor katiluak banatzen hasi da bere egoitzetan, plastikozko edalontzien erabilera saihesteko asmoz. Katiluak vending makinetan erabili behar dira, zeramizkoak dira eta “Zero Zabor lurraldea” dute serigrafiatuta. Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Departamentuaren Miramongo egoitzan hasiko dira banatzen baina, pixkanaka-pixkanaka, gainerako egoitzetara ere eraman nahi dute, tartean Uliazpi eralkundeak Hondarribian duen zentrora.
“Ekimen honek helburu praktiko bat du: hondakin gutxiago sortzea. Izan ere, Foru Aldundiaren eraikin guztien artean, plastikozko 250.000 edalontzi erabiltzen dira urtean, eta hori 1.250 kilo hondakin dira. Edalontzi horien erabilera murriztu nahi dugu, hondakin gutxiago sortzeko. Baina beste helburu bat ere badu ekimenak: kontzientziazioa areagotzea. Mota honetako egitasmoekin, herritarrak konturatzen dira ohitura aldaketa txiki batzuekin onura handia lor dezakegula”, adierazi du Ainhoa Iraola Ingurumeneko foru zuzendariak.