Gasteizen irabaziz itxi nahi du lehen itzulia La Bacaladera taldeak
Gasteizen itxiko du La Bacaladera Hondarribiak eskubaloiko Euskal Ligako lehen itzulia, Corazonistasen kontra. Igandean jokatuko dute, 11:30ean eta sailkapenaren goiko aldera egingo dute. Gasteizen irabazi gero eta Ereintzak etxean Soraluceri irabaziko balio, bigarren postura igoko lirateke Viki de la Hazaren mutilak, Soraluzetarrekin berdinduta. Aurretik bakarrik Ucin Aluminio Usurbil taldea legoke; galduta ere lider jarraituko du Usurbilek, bigarrenari hiru puntu ateratzen baitizkio.
Gauzak horrela, garaipena baino ez dute nahi hondarribiarrek. Liga hasieran talde indartsuen kontra lortutako emaitza onei esker, hirugarren postuan daude, 17 punturekin, Soralucek baino bi gutxiago eta Erandiok eta Amenabarrek baino bi gehiago —Urduliz 14rekin dago, partida bat gutxiagorekin eta irabazita 16rekin jarriko litzateke—.