Prestatzen ari diren agility zirkuitua
Endanea Garden lore saltokiak
agility zirkuitu bat prestatzen ari da txakurrentzako, Jaitzubian duen saltokiaren kanpoaldean. Endanearen Facebook orrian jarri duten argazkian ikus daitekeenez, hainbat ariketa mota egiteko zirkuitua da: aldapa igo eta jaisteko, salto egiteko, orekarako eta abar. “Modu ezinhobea zure txakurraren abileziak trebatu eta zurekiko jarrera hobetzeko”, azaldu dute saltokikoek.
Hondarribiko Jaitzubia landa auzoan dago Endanea eta, batez ere lore saltokia den arren, maskoten atala ere jarri zuten abian 2013 bukaeran.
Irekitzen dutenean, halako lehen zirkuitua izango da Hondarribian. Irenen badago bat, Puianan, Bidasoko Eskualdeko Ospitaletik gertu, trialsin eremuaren ondoan.