Zortzi eta hamar hektarea artean erre dira eguerdian Jaizkibel mendiko hegoaldean piztu den sutean. Lezoko aldean izan da sutea eta Amezti baserritik gertu piztu dela dirudi. Zuhaitz gazteak dira gehienbat erre direnak, gaztainak, iparraldeko haritzak, ametzak eta abar.
Aldunditik esan dutenez, 12:30ean jaso da lehen abisua eta segituan abiatu dira suhiltzaileak sua zegoen ingurura. “Basozainak, lau baso suhiltzaile talde eta suhiltzaileak elkarlanean aritu dira sua menderatzen”, argitu dute aldunditik. 15:30erako kontrolpean zegoen.
Sua bi frontetan banatuta zegoen, bat Hondarribirako norabidean eta bestea Pasaia aldera. “Haize gutxi izateak sua itzaltzeko lanetan lagundu du eta bi fronteak kontrolpean zeuden arratsaldeko hiruretan”. Nolanahi ere, suhiltzaile eta basozainez osatutako talde bat geratuko da inguruan arratsaldean, “sua berriro piztu ez dadin”.