Aurrekontuak izango dira Errenteria-Oreretan
Gobernu Taldeak eta EAJk akordioa lortu dute, eta jeltzaleak abstenitu egingo dira bozketan, Maite Peña bozeramaileak aurreratu duenez. EAJren hainbat eskaera aintzat hartu dituzte.
Dena espero bezala joanez gero, hurrengo astearteko ohiko udalbatzarrean aurrera aterako dira 2014ko aurrekontuak. Gobernu Taldeak eta EAJk akordioa lortu dute. Gobernu taldeak jeltzaleen hainbat eskaera aintzat hartu dituela jakinarazi du Maite Peña bozeramaileak: gizarte laguntzetarako diru partidarako 350.000 euro gehiago bideratzea, krisiaren kontrako neurriak hartzeko 350.000 euro onartzea eta Dantzagunea proiekturako Errenteriako Udalak %40 baino gehiago ez ordaintzeko konpromisoa.
Peñak adierazi du negoziazioa “luzea eta gogorra” izan dela, eta hainbat “beharrezko ez diren gastu” murriztea ere hitzartu dutela. 270.000 euro gutxiago joango direla aurreratu du “publizitate eta beharrezkoak ez diren ikerketa eta kanpo kontratazioak saihestuz”.
Dantzagunearen proiektuan jeltzaleek lortu nahi dutena “udal gobernu taldeak Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sinatzea” dela zehaztu du Peñak. Horrez gain, proiektuan auditorioa sartzea ere lortu dutela gaineratu du.
Azkenik, beste hainbat partida ere hitzartu dituzte: estoldak konpontzeko kamioia erostea, euskara bultzatzeko (hori Bildu eta EAJk bakarrik adostu dute) eta Fanderiako pilotalekua konpontzea.