EAJk Trintxerpeko sutean kaltetutako familiei laguntzeko ezohiko neurriak har ditzan eskatu dio Foru Aldundiari
Ordaintzeko dauden zergak kitatzeko eta gainkargu edota prozedura exekutiborik ez hastea eskatu diote, baita suteak eremu publikoan eragindako kalteen kostua bere gain hartzeko ere. Atzo bideratu zuten eskaera jeltzaleek, batzarkideen bitartez. Kaltetutako etxe eta lokalen gaineko IBI eta IAE zergen ordainketa bertan behera uzteaz gain, oraindik ordaintzeko dauden zergengatik gainkargurik ez aplikatzea lortu nahi dute modu honetan.
Kritiko agertu dira jeltzaleak Foru Aldundiarekin. “Ezbeharra gertatu zenetik 20 egun gero, eta Garitano jauna Trintxerpera gerturatuta ere ez da egin. Egun, ez dakigu oraindik zein neurri hartuko dituzten edota nola lagunduko dieten pasaitar familiei”, salatu dute. “Inplikatzeko” eskatu diote eta “lehenbailehen azaltzeko zein neurri hartuko dituzten eta nola lagunduko dieten familiei.
Jaurlaritza txalotu eta elkartasuna eskertu
Foru Aldundiarekin egin ez bezala, EAJk Eusko Jaurlaritzak afera honetan hartutako jarrera txalotu du. Kaltetutakoak laguntzeko eman dituen 150.000 euroak udal gobernu taldeak “ahalik eta modu egokienean” kudeatzeko eskatu dute. Jaurlaritzari esker kaltetuek Intxaurrondo eta Morlanseko etxebizitzetara joateko aukera izango dutela nabarmendu dute, eta eskertu dute, bide batez, Euskadi etorbideko etxebizitzaren bat eraitsi behar izanez gero Lakuak Visesa arkitektoen zerbitzuak Udalaren esku jartzeko agertu duen borondatea. Horrez gain, gogoratu nahi izan dute kaltetutakoek Pasaiara itzuli nahi izatekotan, Antxoko Luzuriaga inguruko etxebizitza sozialetara joateko aukera izango dutela.
Modu berean, pasaitarrek erakutsitako elkartasunarengatik poza agertu dute, eta kaltetuen alde lan egiteko konpromisoa agertu dute: “Pasaitarrek laguntza bera eskaintzen eta ekimenak antolatzen jarraitzea espero dugu, eta gu, zinegotzi garen aldetik, udaletxean lan egiteko eta antolatzen diren beste edozein ekimenetan parte hartu eta laguntzeko prest gaudela adierazi nahi dugu”