Viki de la Haza, La Bacaladerako entrenatzailea: "Etxean eroso gaude, konfiantza handiarekin"
Joan den igandean bigarren itzuliko lehen partidan Urdulizen kontra irabazi eta gero (29-25), eskubaloiko Euskal Ligako bigarren postuan bakarrik geratu da La Bacaladera Hondarribia taldea. Viki de la Haza entrenatzaileak onartu duenez, “denboraldi hasieran ez genuen aurreikusten igoerako postuetan bukatzea” —multzoko lehen biek jokatuko dute igoera fasea—, baina taldea lasai dagoela esan du. “Liga hasieran talde indartsuen etxean emaitza onak lortu genituen baina sailkapenean behealdean daudenak hasi dira puntuak lortzen eta une honetan edozeinek irabazi diezaioke edozeini, baita guri ere”.
Aurten La Bacaladerak lortu duena meritu handikoa da, antzerako baldintzekin iaz beheko postuetan baitzegoen. Denboraldi honetan bezala, ligaren hasieran talde indartsuen etxean jokatu behar izan zuen 2012-2013an, baina iaz gehienetan galtzaile izan bazen, aurtengo denboraldian lau kantxa zailenetan hiru puntu eskuratu dituzte hondarribiarrek —Soraluce, Amenabar eta Usurbil liderraren kontra— eta partida bakarra galdu, Erandion. Lehen itzuli osoan bi partida baino ez dituzte galdu, Erandiokoa eta ligako lehena Urdulizen. “Gol bakarragatik galdu genuen eta berdin-berdin irabaz genezake, partida oso berdindua izan zelako”, dio De la Hazak.
Kanpoko lan bikaina, hutsik gabe osatu dute Hondartzan, etxean jokatutako partida guztiak irabazi dituen talde bakarra baita. Entrenatzailearen ustez, hainbat baldintza bete dira etxean horren indartsu azaltzeko: “Nik uste etxean eroso gaudela, konfiantza handiarekin. Altuera falta zaigu baina orohar defentsako lan ona egiten dugu, atezaina denboraldi bikaina egiten ari da eta, agian, maila honetan epaileek etxekoaren alde egiteko joera izaten dute”.
Jokalari asko min hartuta
Zazpi partida jokatu ditu Euskal Ligako Hondarribiak etxean eta denak irabazi, baina bolada horri eustea zaila izango dela onartzen du De la Hazak eta Soralucek —bigarren postuan zegoen La Bacaladerak aurreratu duen arte— azken bi partidak galdu izana jartzen du adibide bezala, azkenaren eta azken hirugarrenaren kontra galdu baitu: “Ziurrenik jokalari batzuk edo garrantzitsuren bat min hartuta izango dute eta hori ordaintzen ariko dira. Guri gertatzen zaiguna gertatuko zitzaien”.
Izan ere, emaitzetan islatu ez den arren, hondarribiarrek zorte oso txarra izan dute aurten lesioekin. Taldearen ia erdia dute min hartuta eta Urdulizen kontra beste bi jokalari erori zitzaizkien. “Ez dut uste astebururako inor osatuko denik baina hurrengo partidarako baietz espero dut. Etxeko hurrengo lau partidak aurkari zuzenen kontra ditugu eta garrantzitsua izango da ahalik eta jokalari gehien izatea”.
Partida horietan pilatutako puntuen arabera zehaztuko da La Bacaladeraren liga amaierako helburua zein izango den, igoera fasea jokatzeko hautagaietako bat izango den ala ez. Lortuko ote duten ez dago argi, baina gauzak oso gaizki egin behar dituzte ligako lehen itzulian egindako lana okertzeko, zailtasunen gainetik denboraldi bikaina egiten ari baita Hondarribiko eskubaloiko lehen taldea.