Otsailaren 2tik 14ra irekita egongo da Irungo ikastetxe publikoetan aurrematrikulazioa egiteko epea. Haur Hezkuntzako eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zentroetarako da aurrematrikulazio epe hori, eta batik bat 2011n eta 2012an jaiotako haurrei zuzenduta dago. Ikastetxe bateko 2 urtekoen gelan matrikulatuta daudenek, eta ikastetxe horretan jarraitu nahi badute, ez dute aurrematrikularik egin behar.
Izena ematerakoan hiru ikastetxe aukeratu behar dituzte interesdunek, lehentasun handiena duenetik txikienera. Hala, eskaera bakoitza puntuatzeko pisu gehien izango duen aldagaia ikaslea non bizi den izango da. Eskaera egiterakoan honako agiriak aurkeztu behar dira (eskaerak lehentasunen artean lehentzat jo den ikastetxean aurkeztu behar dira): familia liburuaren fotokopia eta NAN edo AIZ; ikaslearen helbidearen errolda bizikidetza txartela (HAZen lor daiteke, bai leihatilan nahiz makinetan); puntuaziorako baliagarri izan daitezkeen beste agiriak, hala nola elbarritasunena, gurasoen lantokiaren helbidea, edo familia ugaria dela; 2012ko errenta aitorpena, soilik Gipuzkoatik kanpo egin bada.
On line ere egin daiteke eskaera,
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren webgunetik. Hala ere, informazio gehiago nahi izanez gero HAZ bulegora (San Martzial kalea, 2) edo Irundik 010 telefono zenbakira dei daiteke. Udalak informazio triptikoak bidali dizkie 2011n eta 2012an jaiotako haurrak dauzkaten familiei.
Bestalde, ikastetxeetako informazio zehatza izateko, ikastetxeetan egunak jarri dituzte irundarrei harrera egiteko. Honakoak dira:
- Belaskoenea HLHI, otsailaren 10ean, 16:30ean.
- Dunboa HLHI, otsailaren 6an 16:40an euskaraz, eta otsailaren 8an 11:00etan gaztelaniaz.
- Eguzkitza HLHI, otsailaren 4an, 18:00etan.
- Elatzeta HLHI, otsailaren 6an, 17:00etan.
- Lekaenea-Anaka HLHI, otsailaren 4 eta 6an 17:00etan (haurtzaindegi zerbitzua dago).
- Toki Alai HLHI, otsailaren 5ean, 17:30ean (Jose Antonio Loidi kaleko eraikinean, bi urtekoena).
- Txingudi Irungo Ikastola HLHI, otsailaren 5ean, 17:00etan.
- Irungo La Salle HLBHIP, otsailaren 10ean, 17:15ean.
- El PIlar HLBHIP, otsailaren 5ean, 17:30ean.
- San Vicente de Paul HLBHIP, otsailaren 5ean, 16:30ean.