Batzordeko kideak, gaur, Luis Mariano plazan
Aurten 100 urte beteko dira Luis Mariano tenor eta abeslari ezaguna (Irun 1914-Paris 1970; Mariano Eusebio Gonzalez y Garcia zen haren benetako izena) jaio zela. Horren harira ospakizunak antolatzeko batzorde berezia sortu dute hirian, udaleko zinegotzien eta hiriko hainbat kultur eta gizarte eragileren partaidetzarekin, horien artean Luis Mariano Liriko Elkartea. Bada batzorde horrek gaur egin du jende aurreko aurkezpena, eta zer egingo duten azaldu dute traza nagusitan. Luis Marianoren urtea izango da aurten Irunen.
Angel Pazos batzordeko kideak jakinarazi duenez, momentuz “bi jarduera handi” prestatu dituzte. Lehena uztailaren 19an egingo den
Luis Mariano herrikoia izeneko kontzertua izango da; bertan hiriko bandak, koruek eta dantzariek Marianoren piezak interpretatuko dituzte. Eta bigarrena abuztuaren 16an, tenorea jaio zen egunean egingo dute:
De Irun al mundo ikuskizun handia egingo dute, hainbat esparrutako musikari eta aktoreekin, opereta biografiko modura. Pazosek poztasunez azaldu du Marianoren inguruan lan egiteko hirian dagoen prestutasuna
Baina bi horiez gain urte osoan zehar izango dira Luis Mariano oroitzeko ekitaldiak, eta horien berri Cristina Laborda udaleko Kultura ordezkariak. Beheko estekan daude horiek guztiak zehaztasunez.
Gaur aurkeztu dute batzordea Luis Mariano plazan, haren omenezko eskulturaren ondoan bertako kideek. Jose Antonio Santano alkateak nabarmendu du “irundar unibertsala” izan zela Mariano, “nonahi zegoela ere bere hiriaren berri ematen zuena”. Hala, alkateak esan du abeslariarekin harremana duen guztiak “erakargarritasun izugarria” duela “gure lurraldean, eta kanpo, bereziki Frantzian eta Belgikan”, eta artistaren 100. urteurrenak lagun dezakeela Marianoren bizitza ezagutarazi, “eta turistak Irunera erakartzeko”.