PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztuko dio aurrekontuari
PSE-EEk gogor gaitzetsi du Udal Gobernu Taldeak aurkeztu duen aurrekontu proposamena, eta osoko zuzenketa aurkeztuko diotela iragarri. Aurrekontuak bi helburu garbi ditu, PSE-EEren iritziz: “Pasaian atez atekoa martxan jartzea eta kale garbiketarako kanpo zerbitzua bertan behera uztea”. Horrek udalaren gastuak “bortizki” handitzea eragingo duela salatu du PSE-EEk. “Soilik pertsonal gastuan miloi bat eurotik gora handituko da gastua”, salatu du PSE-EEren bozeramaile Izaskun Gomezek.
PSE-EEren arabera, Pasaiak bizi duen krisia leuntzeko neurriak hartzea ez da lehentasuna Bildurentzat. Aitzitik, dirua beren helburu alderdikoietan gastatzea egotzi dio udal gobernu taldeari. Horretarako, “tranpak” egiten dituztela eta “atez atekoa ezartzeko nahikoa dirurik ez” dutenez, “diru sarrerak asmatu” dituztela leporatzen die. “Pasaitarrak zergekin itotzen dituzten bitartean” udalaren “zulo finantzarioa” gero eta handiagoa dela salatu dute PSE-EEk.