Goranzko joerari eutsi dio portuko trafikoak
Iazko urtarrilarekin alderatuta, %17,48 egin du gora merkantzien trafikoak Pasaiako Portuan azken hilabetean. Honenbestez, iazko azken seihilekoan eman zen joera aldaketari eutsi diotela adierazi dute Portu Agintaritzako iturriek. Diotenez, ArcelorMittalen esportazioei zor zaie igoera, burdingintzaren produktuetan eman baita igoerarik handiena. Nabarmendu dutenez, burdingintzako produktuen 89.000 tona mugitu dituzte eta horietatik 13.400 tona Argentinara bidali dituzte. Kopuruek Ozeano Atlantikoaz bestaldeko trafikoen garrantzia gero eta handiagoa frogatzen dute.
Ongarrien kanpaina ere “indartsu” hasi dela iragarri dute, eta trafikoak %26,22 egin duela gora jakinarazi dute. Paperaren inportazioak ere gora egin du, %45,23. Txatarraren trafikoak, berriz, behera jarraitzen du. %26,05 egin du behera.
Inportazioa eta esportazioa
Inportazioa oso dibertsifikatua dago. Herbehereetatik datoz produktuen %17; %14 Alemaniatik eta %12 Errusiatik. Esportazioetan, aldiz, Erresuma Batua da jaun eta jabe. Hara doaz produktuen %45. Argentina da bigarrena, %15arekin eta Belgika azkena, %8arekin.
Arrantza sektorea
Arrainaren kopuruak behera egin du %3,5, batez ere, eguraldiaren baldintzengatik. Arrainaren prezioak, berriz, gora egin du %5,4.