Plaiaundirako egitasmoak garatzeko konpromisoa eskatu du Irungo Udalak
Txingudiko Plan Berezia garatzeko eta Plaiaundiko kirol azpiegiturak tokiz aldatzeko konpromisoa eskatu die Irungo Udalak gainontzeko erakundeei, Miguel Angel Paez udaleko Ingurumen ordezkariaren hitzetan. Eta konpromisoa eskatzeko iazko abenduaren 27an udal taldeek hartutako akordioa erabili du tresnatzat: bertan hiru neurri ezarrita daude Plaiaundi babesteko eta ordenatzeko, nahiz bertako kirol ekipazioak tokiz mugitzeko.
Hain zuzen, udal akordio horren bigarren puntuari garrantzia berezia eman dio Paezek. Izan ere, puntu horretan agertzen denez, Jaurlaritzarekin eta aldundiarekin Plaiandirako neurriak ezartzeko mahaia osatzea eskatzen da udalaren partetik. Eta horri erreferentzia egiten dio Paezek beste erakundeei konpromisoa eskatzerakoan.
Horrez gain, bertako kirol gunea aldatzeko finantzazioa %50 aldundiaren esku, %30 Jaurlaritzaren esku, eta gainontzeko %20a udalaren esku gelditzen dela gogorarazi du Paezek, 1993an sinatu zen hitzarmen batean oinarrituz, “eta bide horretan gu saiatuko gara ahalik eta azkarren kirol ekipazio horientzako toki berria bilatzen. Denok joan behar dugu eskua hartuta gai honetan”.