Neguko oporren harira, Bakarrik Agertokian jaialdia egingo dute lehenengoz Hendaiako Mendi Zolan kulturgunean. Lau egunetan segidan ikuskizunak egingo dituzte jaialdi horren barruan, kulturguneko lantaldeak antolatuak denak. Hilaren 13tik 16ra, bi egunetan barne, artista bat bakarrik ariko da ikuskizuna egiten agertokian. Hala ere, horren aurretik edo ondoren beste artista amateur edo profesionalen emanaldiak ere izango dira.
Ikuskizun bakoitzaren iraupena ordubete ingurukoa izango da, eta sarreren prezioa 12 eurokoa izango da publiko orokorrarentzat, eta Abantaila Txartela dutenentzat 5 eurokoa. Horiek erreserbatzeko aukera badago Mendi Zolanen bertan (asteartetik larunbatera 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara), edo telefonoz deituta: 05 59 48 30 49.
Honakoa da egitaraua:
- Hilak 13 (osteguna), 20:30ean: Quartier kaleidoscope lana Teatro de la Vuelta konpainiako Carlos Gallegosen eskutik. Aurretik, 20:00etan hasita, Le Petit Theatre de Chechenias Hendaiako antzerki talde amateurrak emanaldia egingo du.
- Hilak 14 (ostirala), 20:30ean: Plush ikuskizuna Teatro de la Vuelta konpainiako Carlos Gallegosen eskutik. Aurretik, 20:00etan hasita, Le Petit Theatre de Chechenias Hendaiako antzerki talde amateurrak emanaldia egingo du.
- Hilak 15 (larunbata), 20:30ean: Elle lana emango du Vents et Marees Hendaiako konpainiako Alexia Papantchev-ek. Komedia da. Ondoren, 22:00etatik aurrera, Abdel Khellil-ek, Abdelek Brel kantatzen du emanaldia egingo du.
- Hilak 16 (igandea), 18:00etan: Baionako Les Petits Papiers konpainiako Agnes Yobregatek En meme temps lana emango du. Ondoren, David Cairolen eskutik, Revelation soul reggae izenburuko musika emanaldia.