Etxeetan hondakinak bereizteko behar den materiala banatuko du udalak
Antxotarrek hurrengo astean jaso behar dute beren etxeetan hondakinak bereizteko beharko duten materiala. Organikoa biltzeko bi kubo eta gainontzeko hondakinak jasotzeko errafiazko poltsak emango dizkie Udalak. Baita bilketa egiteko informazioa biltzen duen gida,diptikoa eta imana. Kultur etxean banatuko dute materiala, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Astelehenean, Nafarroa etorbidea, Gelasio Aranburu eta San Marko kaleko bizilagunek jaso behar dute materiala; asteartean, Blas de Lezo, Maiatzarren Lehena eta Zumalakarregi kalekoek, asteazkenean, Oarso, Axular plaza eta Kupeldegi kalekoek eta ostegunean, Eskalantegi, Gure Zumardia, eta Hamarretxetakoek. Ostiralean, gainontzeko egunetan materiala jasotzerik izan ez duten bizilagunentzat gordeko dute.
Helburu ekologiko eta ekonomikoa
Iazko udaz geroztik Donibanen ezarrita dagoen sistemak izan dituen emaitza onak ikusita, –%85ekoa da gaur egun birziklatze tasa Donibanen– udalak dio sistema bera gainontzeko barrutietara hedatzeko behar morala duela eta hori egiteko asmoa duela. Erabakiak helburu ekologiko bat baduela esan dute –birziklatze tasa %70era iristea– eta baita helburu ekonomikoa ere. Izan ere, errefusa murriztuz eta gainontzeko hondakinen birziklatze tasa handituz urtero 140.000euro aurreztuko dituela aurreikus baitu udalak. Atez ateko sistema Pasaiara osora hedatzeko inbertsioa, guztira, 665.00 eurokoa izango dela jakinarazi du zerbitzutako buru Izaskun Biurrunek, eta aipatu inbertsioa bost urtetan berreskuratuko dutela.