Ibilgailuentzako radarra jarriko dute Baserritarren etorbidean
Baserritarren etorbidean radarra jarriko dute aurten. Udalak oraindik ez du argi kaleko zein zatitan jarriko duen baina gaur goizean Juan Mari Altuna Udaltzaingoa eta Hiri Segurtasuneko departamentuko zinegotziak aurreratu duenez, 60.000 euroko inbertsioa egingo dute Baserritarren etorbidean radarra jartzeko. Jartzen dutenean sei izango dira radar finkoak izango dituzten herriko guneak: Amutalde, Txiplao, Muliate pareko errepidea, Labreder, Ramon Iribarren pasealekua eta Baserritarren etorbidea.
Udal aurrekontuen berri emateko egiten ari diren agerraldien barruan, Udaltzaingoa eta Hiri Segurtasuneko departamentukoen txanda izan da gaur goizean. 2.187.688 euro izango ditu aurten departamentuak gastatzeko baina zati handiena, 1.833.633 euro, soldatetan joango zaizkio. 21 udaltzain daude Hondarribian eta udan lan taldea beste 20 pertsonetan handitzen da, TAO zerbitzuko zaindariak kontratatzen direnean.
Gainontzeko gastuen artean mantenukoak bereizten dira, ia erdia baitira. Eta inbertsioei dagokionean bi partida jasotzen dira 2014ko departamentuaren kontuetan. 15.000 euro seinaleztapenerako, “lasterketetan eta horrelakoetan erabiltzeko”, eta beste 60.000 euro radarretarako. Diru horrekin Baserritarren etorbideko “radarraren kabina eta obra zibila udarako prest egotea” espero du Segurtasun zinegotziak eta orain arte radarrekin izandako eskarmentua ona izan dela iritzi du. “Abiadura mantsotu da eta istripuak murriztu dira”. Gainera, Amuteko bizilagunek radarra jartzeko eskaera egin dutela aurreratu zuen Altunak: “radar mugikorrarekin kexak zeuden baina orain radarra eskatzen dute bizilagunek”.
Erakundeen arteko bilera
Agerraldia, denboralean brigadak eta Udaltzaingoak egindako lana eskertzeko baliatu zuen Altunak, “minutuz minutuko informazio jaso dugulako”. Bihar bertan erakundeen arteko bilera egingo dute denboraleak eragindako kalteak aztertu eta konponbideak proposatzeko. “Beste herri batzuekin konparatuta Hondarribiak kalte gutxiago izan ditu, besteak beste, Higer eta Amuitz lurmuturrek eta kai berriak babesten dutelako”, nabarmendu du zinegotziak baina Farolako errepidean euriteekin izaten diren luiziak arazo larriak direla gehitu zuen.
Biharko bileran egindako azterketen emaitzak jakitea espero duela esan du eta denen arteko konponbidea adostuko dutela. “Bizilagunentzat ez da samurra horrela bizi beharra, ez bizilagunentzat ezta eta guretzat ere ez”.