Irungo EAJ, Plaiaundiko kirol guneari buruz: "Non egon da Santanoren gobernuaren ekimena azken zazpi urtean?"
Hautsak harrotu ditu Plaiaundiko kirol instalazioak kokalekuz aldatzeko gaiarekin udal gobernu taldeak egin dituen adierazpen sortak. Horri erantzuteko prentsaren aurrera agertu da gaur Irungo EAJ, eta Jose Corchon zinegotzi jeltzaleak kezka zehatzak azaldu ditu, udal gobernuari lotutakoak denak. Batetik, Miguel Angel Paezi eskatu diote —hark egin zituen Plaiaundiri buruzko adierazpenak— sozialisten “inplikazio falta” ez dezala defendatu, eta bestetik galdegin dute kirol instalazio horiek tokiz aldatzea aztertzeko batzordea deitzea. Era berean, Paezek egindako adierazpenak “okerrak eta errealitatearekin bat ez datozenak” direla esan du jeltzaleak.
Horren harira, Corchonek gogorarazi du 2007an talde politiko guztiek Plaiaundirako aztertu zituzten zazpi alternatibak errepasatuko zituela esan zuela Jose Antonio Santano alkateak, eta EAJk salatu du Paezek aste honetan esan duela Zubietan egingo dutela kirol gune berria: “Zertan geratzen gara? Zubieta udal gobernuaren aukera izanda edo beste alterbatiba bat aztertu behar izanda ere, azken zazpi urtean ez da ezer egin. Non egon da Santanoren gobernuaren ekimena?”. Alta, Zubietako aukera epe laburrean “ezinezkoa” dela adierazi du Corchonek, “izapide konplexuengatik”.
Hartara, Batzar Nagusietara eraman zuen Plaiaundiko gaia alderdi sozialistek. Bertan aurkeztu zuen ebazpenari zuzenketa gehigarria egin zion EAJk, “abenduaren 27ko udalbatzarrean adostu zena ez zuelako fidelki jasotzen”. Hau da, Corchonen arabera, proposamen horrek ez zuen jasotzen lekualdaketa egiteko tokirik aproposena bilatzeko konpromiso azkarra.
Xabier Iridou udal eledunak, bestalde, nabarmendu du Plaiaundiko egitasmoekin ez dabiltzala “bazterrak nahasten”. Irioyren arabera bertarako egitasmoek, herritarren aldetik “onarpen handia” dute, eta gisa horretako proposamenak egiten jarraituko duela baieztatu du.