Irungo EH Bildu: "Plaiaundiko kirol gunea tokiz aldatzeko lehen urratsa udalari dagokio"
Azken egunetan Plaiaundiko kirol gunearen toki aldatzearen gainean izan diren iritziei erantzunez —PSE-EErenak eta EAJrenak—, Irungo EH Bilduren ustez bi talde horiek ez dira begira jarri behar “Irundik kanpo eta Irungoak ez diren erakundeei”, eta kirol azpiegitura tokiz aldatzeko lehen urratsa udalari dagokiola esan du, “EAJk eta PSE taldeek egindako adierazpenak ez ditugu ulertzen ezta konpartitzen ere”.
Koalizioko kideek ez dute ulertzen zergatik utzi duten beste erakundeen eskuetan instalazio horien toki aldaketaren eztabaida, “udalari dagokio erabakia, eta hori hartzeko beharrezkoa den guztia gure esku dago. Zertarako jarri mahaiaren gainean diru kontuak bezalako eztabaidak? Udal bezala dagokigun erabakia ez hartzeko eta mean behar ditugun urratsak ez emateko saiakera antzuak dira horiek”.
EH Bilduk gogorarazi du Bidasoaldeko hainbat eragilek proposatu zutela Plaiaundiko kirol pistak tokiz aldatzea mozio bidez, eta koalizio horrek eta EB-Berdeak udal taldeak eraman zutela hori udalbatzarrera. Eztabaida “gorabeheratsua” izan zela baieztatu dute, baina talde guztiak ados jarri zirela kirol azpiegitura horiek bertatik lehenbailehen atera behar zirela esateko: “Irungo alkateari osoko bilkura horretan konpromisoa betetzeko eskatzen diogu, eta bere garaian kirol azpiegitura hauentzako aztertu ziren kokapen ezberdinen azterketa txostenak talde guztiei helaraztea, gaia ahal bezain laster eztabaidatzeko”.