Duela zazpi urte hasi zen Ikas Jolas Mendelun
Mendelun zazpi urtez izandako emaitza onak ikusita, Ikas Jolas programa Soroetara zabaldu du Gazteria Departamentuko Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak. Soroetako haur-eskola zaharrean egingo dute astelehenetan, 16:45etik 19:30era, eta Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta dago.
Egitasmoaren izenak ondo adierazten duenez, Ikas Jolasek bi funtzio betetzen ditu, ikastea eta jolastea. Hala, bi eremu bereizi dituela esan dute udaletik: “Alde batetik, haurrak eskolako lanak burutzeko prestatuta dagoen ikasgela bat; eta beste alde batetik, aisialdirako bakarrik erabiliko den esparru bat, jolasteko eta kirola egiteko esperientziak eta tailerrak eskainiz, ondo pasatzeko eta entretenitzeko helburuarekin”. Prebentzio Komunitarioko hezitzaileek zaintzen dute eremua eta haurrei behar duten laguntza eskaintzen diete.
Hilaren 17an hasiko dira Soroetan Ikas Jolas programarekin. Izena eman nahi duenak bertatik pasa beharko da, astelehenetan, Ikas Jolaseko ordutegian. Informazio gehiago behar duenak Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzura deitu dezake, 943 11 40 00 telefono zenbakira.