Marlaxka E-k txukundu du elkarteko beste taldeen asteburu txarra
Hondarribia-Marlaxka xake elkarteko taldeek asteburu "kaxkarra" izan dute, euren hitzetan. A taldeak Eibarren kontra berdindu zuen Kasino Zaharrean (2-2) eta lidergotik urrundu da. Hirugarren Mailako E taldeak liga bukatu du eta Bigarren mailara igotzeko kanporaketa jokatuko du.
Hondarribia-Marlaxka xake elkarteko taldeek asteburu “kaxkarra” izan dute, euren hitzetan. Gipuzkoako Ligako seigarren jardunaldia zegoen jokoan eta bost taldetatik bakarrak irabazi du eta beste batek berdindu. Hirugarren Mailako E taldea da irabazi duena eta igoerako play-offa jokatzeko sailkatu da.
A taldeak Eibarren kontra berdindu zuen Kasino Zaharrean (2-2) eta sailkapenean aurretik zeuden taldeek tartea handitu dute, hirugarren dagoen Eibarrek ezik beste biek, Anaitasunak eta Iriondok.
Eibarren kontra parra egin eta gero laugarren tokiari eutsi dio Marlaxkak baina liderra orain hiru puntura dute. Hurrengo jardunaldian lehenengo biek euren artean lehiatuko dira eta horretaz aprobetxatu nahiko du Marlaxkak haiekiko tartea laburtzeko.
Laugarren postuan dago Lehen Mailako taldea ere, Hondarribia-Marlaxka B, hirugarrenarekin berdinduta. Errenteriako Beraun Berarekin galdu zuten (1-3) eta lider Gros D lau puntura dute dagoeneko. Hurrengo jardunaldian Gros C taldeak baino hobeto egiten saiatuko dira, hirugarren postura iristeko.
Hondarribiarren Bigarren Mailako taldeak porrot latza jaso zuen Oreretan, Mundarro B-rekin (3,5-0,5). Sailkapenean seigarren dira eta datorren asteburuan ligako azken jardunaldia jokatuko dute. Azken partida liderraren kontra du Marlaxka C-k eta seigarren postua gordetzen saiatuko dira.
Marlaxka Ek amaitu du liga
Eta Hirugarren Mailako taldeei dagokienez, denetarik izan zen. Marlaxka D-k Donostian galdu zuen Gros H-rekin (3-1) eta seigarren kokatu da sailkapenean. Azkenaren kontra jokatuko dute asteburuan eta irabaziz gero bosgarren gera daitezke, Fortuna C-k liderrarekin ezustekoa ematen ez badu.
Eta Marlaxka E-k berriro irabazi du, oraingoan Iriondo D-ren etxean (0,5-3,5). Lortutako puntuei esker bigarren postuan bakarrik daude eta azken jardunaldian jokatuko ez duten arren, dagoeneko igoerako play-offa jokatzeko txartela poltsikoan dute.