Puntu bateko garaipena
La Bacaladera Hondarribiak Amenabar Zarautzekin berdindu zuen atzo eguerdian Hondartza kiroldegian eta urrats handia eman du liga erregularra bigarren postuan amaitzeko. Aurreneko biek jokatuko dute igoera fasea. Usurbil lider sendoa da eta bigarren tokirako hautagai nagusiak hondarribiarrak eta zarauztarrak dira. Partida jokatu aurretik bi puntuko aldea zegoen haien artean eta, berdindu zutenez, berdin jarraitzen dute. Baina lehen itzulian Zarautzen 25na egin zutenez, La Bacaladera indartuta atera da asteburutik, puntutan berdinduz gero hondarribiarrak aurretik leudekeelako, euren arteko lehietan kanpoan gol gehiago sartu baitituzte.
Usurbil liderrak ezustekoa eman zuen, azkenaren kontra galduz. Nolanahi ere sei puntu ateratzen dizkio Hondarribiari —32 puntu ditu Usurbilek eta 26 La Bacaladerak—eta zortzi Amenabarri (24). Laugarren eta bosgarren Erandio eta Sorlaluce dira, 21 eta 20 punturekin hurrenez hurren. Atzerago, Urdulizek 18 puntu ditu baina bi partida falta ditu jokatzeko sailkapeneko azken postuetan dauden bi talderen kontra. Biak irabazita, laugarren jarriko litzateke 22 punturekin.
Zortzi partida geratzen dira liga erregularra jokatzeko eta asko dago erabakitzeke, tartean bigarren postua. Printzipioz, La Bacaladerak egutegi erosoagoa du Amenabarrek baino. Zarauztarrek sailkapeneko lehen sei postuetan dauden aurkari guztien kontra jokatu behar dute oraindik, Hondarribia salbu. Hondarribiarrek, aldiz, Urduliz eta Soralucerekin dagoeneko jokatu dute eta Usurbilekin eta Erandiorekin etxean tokatzen zaie, eta etxean oraindik ez dute partidarik galdu. Amenabar Zarautz izan da Hondartzatik puntu bat lapurtzea lortu duen talde bakarra.