Lezo-Jaizkibel mendi lasterketa, igandean, herritarrekin
Lezotarrak Lasterkari Taldeak eta Allerru elkarteak lehenengoz iganderako antolatu dute 14,2 kilometroko Lezo-Jaizkibel mendi proba. Desnibel metatua 1.200 metrokoa da, eta Jaizkibelen punturik altuenera, 543 metroko altuerara iritsiko dira lasterkariak. Izena emateko aukerarik ez dago jada, partaideen kopurua beteta dagoelako: urtarrilaren hasieran jarri zituzten 250 plazak berehala bete, eta 400era zabaldu zuten eskaintza; horiek ere bete ziren. Baina antolatzaileek nabarmendu dutena izan da, partaideen arrakastaz gain, probak Lezon lortu duen bultzada, komertzio, enpresa, udala, eta herritarren partetik.
Nagusien proba 10:00etan hasiko da Lezoko plazatik, eta dortsalak 08:30etik aurrera jasoko dira 09:45ak arte. Sarien banaketa 12:30ean egingo dute, Gurutze Santuaren plazan ere, otordu batekin batera. Alta, haurrentzako proba ere egingo dute, eta hori 10:15ean hasiko da plazatik ere (izena emateko aukera 09:30etik 10:00etara dago). Juneren Hegoak laguntzeko lasterketa izango da haurrena: minbiziaren kontra borroka egiteko elkartea da Juneren Hegoak. Haurren lasterketan lau kategoria egongo dira, adinaren arabera banatuta: 0-2 urtekoak, 3-5 tartekoak, 6-8 tartekoak eta 9-12koak
Gaur egin dute probaren aurkezpena Lezotarrak Lasterkari Taldeko kideek. Nabarmendu dutenez, hasieran proba xumea egitea zuten helburu, baina egunak aurrera joan ahala dena handitzen joan dela jakinarazi dute, bai partaideen aldetik bai eta laguntza emateko prest daudenen aldetik, (babesleak, laguntzaileak, boluntarioak). Eta antolatzaileek ere lan handia egin dute, izan ere, denboraz lan egin dute, komunikazio lana ondo landu dute, “eta horren adibide da probaren blogak 8.000 bisitatik gora izan dituela, hemengoenak eta kanpokoenak”.
Lezoko nortasuna, eta arauak
Antolatzaileek lezoar nortasuna eman nahi izan diote probari. Lehenik aipatu dute 400 partaideetatik (33 emakume eta gainontzekoak gizonak) 48 lezoarrak izango direla (besteak beste, 62 errenteriar, 55 irundar eta 39 hondarribiar ere izango dira). Eta 14,2 kilometroko bidean “Jaizkibelen lezoarrentzat esanguratsuak diren puntuak” pasatuko dituztela, hala nola Tiñelu, Ixkulin eta Allerru guneak. “Eta horrez gain, lezoarren laguntza oro har goraipatu nahi dugu, heldu, gazte nahiz adineko, denek lagundu digutelako, ateak zabaldu dizkigutelako: 100 boluntario daude”. Ez hori bakarrik. Sarien artean Lezoko produktuekin osatutako otarra emango dute, eta gainera, faboritoen artean emakumeetan Lourdes Oiartzabal eta gizonetan Ander Iñarra lezoarrak daude.
Faboritoen zerrenda egiterakoan, Lezotarrak Lasterkari Taldeko kideek emakumeetan Nerea Arregi, Amaia Lukin, Uxue Tena eta Naiara Casi ere nabarmendu dituzte; gizonetan berriz Iker Oliveri, Iñaki Catalan, Jon Arozena eta Mikel Albeniz.
Horrez guztiaz gain, arauak ere ezarri dituzte antolatzaileek, eta bi nabarmendu dituzte. Batetik Jaizkibel gune babestua dela adierazi dute, “eta mendia zaindu behar da”. Horregatik hondakinik ez botatzeko eskatu diete partaideei bidean, horretarako guneka izango direlako: “Antolatzaileek norbait hondakinak baimendu gabeko gunean botatzen ikusten badugu, deskalifikatuko dugu”. Horrez gain, erorketak edo lesioak izan ditzaketen lasterkariak laguntzeko eskatu dute, “erortzen denaren ondoan dagoen korrikalariak lagundu beharko du ezbeharra izan duena artatze guneraino”.
Hiru hornidura puntu ezarri dituzte: likidoa emateko 2,5 eta 10. kilometroetan, eta likidoa eta solidoa ematekoa 7. kilometroan.
Sariak eta zozketak
Emakumeen eta gizonen kategorietan lehen hirurek saria jasoko dute. Irabazleak, noski, txapela eramango du eta horrez gain Jaizkibelen korrika dabiltzan hainbat pertsonarekin egindako egurrezko grabatua. Beste hiru sari emango dituzte: lehen lezoar emakume eta gizonei, eta Jaizkibelgo suebakia denbora gutxienean egiten duenari (660 metroko igoera da, 220 metroko desnibelekoa, %40ko malda).
Proba bukatzerakoan ere zozketak izango dira partaideentzat. Denera, ia 100 zozketa izango dira.