Agerreko bizilagunak, plenoan
Irungo Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2013-2017 Planaren bosgarren plangiltzaldia onartu zuten herenegungo udalbatzarrean Irungo zinegotziek. Gai horrekin batera, beste bik izan zuten garrantzia: hiriko lau kaleri izen frankista kendu eta beste batzuekin ordezkatzea, eta Agerre kaleko bizilagunen mozioa.
Euskara planaren gaian, ahobatez onartu zuten zinegotzi guztiek agiria. Baina EAJk eta EH Bilduk, euren eledunen bidez esan zuten paperetik ekintzetara pasatu behar direla horrelakoak, zinegotzietatik beraietatik hasita; izan ere, ikerketa baten arabera, udal langileek gaztelaniaz gehien hitz egiten duten udaleko kideak zinegotziak dira. Kalean ere zer egin badagoela esan zuten bi alderdi abertzaleetako ordezkariek.
Bestalde, Kale Izenen Batzordeak, Francoren zaleen izena zeramaten lau kaleri izena aldatzeko egindako proposamena ahobatez onartu zuten ere zinegotzi guztiek. Udal gobernu taldeko kideek, EBko zinegotziak, EH Bildukoek nahiz EAJkoek aldaketaren garrantziaz eta onuraz hitz egin zuten, izen frankistak kentzeaz gain, horietatik hiruk emakumeak eta euren borrokak aintzat hartzen dituzten izenak direlako: Martxoak 8 kalea, Poxpologileen kalea, eta Maritxu Anatol kalea. Laugarrenak Irungo alkate errepublikar izandako Nicolas Gerendiainen izena izango du.
Hala ere, Ezker Batuak eta EH Bilduk nabarmendu zuten oraindik ere ikur frankistak badaudela hirian, hainbat etxeetako plaketan nahiz Elitxu aldean, eta horiek kendu bitartean lanean jarraituko dutela.
Bizilagunen mozioa
Bestalde, oposizioko alderdiek Agerre eremuko bizilagunen mozioa eraman zuten plenora, bertakoen bizi baldintzak eta zerbitzuak hobe daitezela eskatuz, eta herritar horiei irtenbideak bilatzeko mahaia ezar dadila eskatuz. Gobernu taldeak bat egin zuen mozioaren testuarekin, eta ahobatez atera zen aurrera. Alkateak esan zuen bizilagunen aldeko irtenbideen bila jardungo duela.