Feranndo San Martin eta Fran Apezetxea, gaurko agerraldian
3.426 pertsona jaso zituen iaz Martindozenea aterpetxeak, eta horiek 6.542 gau pasatu zituzten bertan, %30eko okupazio metatua izanik emaitza metatua. Horiek Irungo aterpetxearen iazko datu orokorrak. Martxoaren 1etik urriaren 31ra zabalik izan zen aterpetxea, hortaz, udalak esan du bisitari gehien izan dituen bigarren urtea izan dela 2013a, 2003an zabaldu zutenetik. Bertan iaz izan zirenen %16, Oiasso Erromatar Museoak egindako jarduerei esker izan zen. Bisitarien asebetetze maila 9,06koa izan dela jakinarazi dute ere.
Gaur eman dituzte datu horiek, 2013ko balantzea egiteko agerraldian, Fernando San Martin udaleko Gazteria ordezkariak nahiz Fran Apezetxea eta Jon Basaldua aterpetxeko ordezkariek. Iaztik igoera eman da bisitarien kopuruan, eta hori San Martinek lotu du Oiasso museoaren kolaborazio jarduerekin. Horrela, Martindozenea hiriko kultur jardueren osagarri dela esan du udal ordezkariak, eta horrela izatea nahi dutela etorkizunean ere.
60 plaza ditu Martindozeneak, hiriaren erdialdetik hurbil dago eta Santiago bidean. Gazteak, familiak, kirol taldeak eta bestelakoak jasotzeko aukera du.