71 auto, bihar, Hondarribiko VIII. Rallysprintean
Bihar egingo dute Hondarribiko Rallysprintaren VIII. ekitaldia, Sardara Automobilismo Elkarteak antolatuta. Herenegun goizean egin zuten aurkezpena Ardora jatetxean, eta bertan izan ziren Sardarako presidente Ion Muñoz, Txomin Sagarzazu Kirol zinegotzia, Euskadiko Automobilismo Federazioko presidente Angel Gurrutxaga eta Gorka Eizmendi pilotua, aurreko urteko ekitaldiko irabazlea.
Egoera ekonomikoa dena izanik, inoiz baino lan gehiago egin behar izan dutela onartu zuen Muñozek, eta horregatik, eskerrak eman zizkien babesleei, “bereziki aurten”. Krisiak krisi, parte hartze marka ondu dute antolatzaileek zortzigarren ekitaldirako. Orotara, 71 autok parte hartuko dute aurtengo rallysprintean, eta horietatik hemezortzi Sardarakoak izango dira, herriko eskuderiakoak.
Biharko probari begira faborito izan daitezkeen izen batzuk eman zituen Sardarako arduradunak: “Subaru potentea” duen Eizmendi, Gorka Antxustegi Suzuki taldeko pilotu ofiziala Espainiako Txapelketan, Aingeru Castro Euskadiko Rallysprint Txapelketako liderra —Gabiriako proba irabazi zuen, Hondarribikoa bigarrena izango da— eta Ion Davoz, Mitsubishi batekin. Horien artean egongo da podiuma ziurrenik.
Iazko irabazleak Hondarribira gustura etortzen dela esan zuen: “Urte guztian erosoena sentitzen naizen karrera hau da. Oso ondo zaintzen dituzte pilotuak, antolakuntzan egiten duten esfortzuaz aparte”. Faboritoetako bat dela onartu zuen Eizmendik, baina begiak zeruan jarri zituen: “Eguraldi txarra emana dago larunbaterako, eta tramoan erakutsi beharko da zein den onena”.
Babesleei bezala, erakundeei ere eskerrak eman zizkien Muñozek, batez ere Farolako errepidean izandako luizi handiaren ondoren egindako gestioengatik. “Beharrezko neurriak hartu ditugu eta proba egin ahal izango da, urteroko ibilbidearekin eta hori eskertu behar zaie erakundeei”, esan zuen.
Zaleei arreta eskatu diete
Kirol zinegotziak ere gogorarazi du Farolako bidea itxita dagoela: “Aurten are gehiago bisitariei esango zaie ez dagoela hori erabiltzerik. Ibilbideak leku erosoak eta oso finkatuak eskaintzen ditu, eta horiek erabiltzeko eskatzen dugu”. Proba hasi aurretik, probak hartu duen “sendotasuna” eta Sardarakoen antolakuntza txalotu zuen Sagarzazuk, “ez baita inondik ere erraza horrelako proba bat antolatzea”.
Iaz, gutxi gorabehera 10.000 bisitari mugiarazi zituen Hondarribiko Rallysprintak, eta Euskadiko Federazioko presidenteak ikusle gehien lortzen dituen probetako bat dela nabarmendu zuen: “Aurten marka izatea zerbaiten erakusle bada”. Ikusleei, baina, komisarioen esanei kasu egitea eskatu zien, “eta mendia aurkitu duten bezala uztea”.