Cruzado, gaur, udaletxean azalpenak ematen
Irungo Udalak iaz hiritarren etxebizitza beharrak betetzeko egindako kudeaketa lanen berri eman du. Denera, 276 eskaera lagundu zituen, eta horietatik gehienak etxebizitza ordaintzeko zailtasunak bideratzeko laguntzak izan ziren. Izan ere, udalak antzeman du azken urteetan kasu horiek ugaltzen ari direla, eta Maite Cruzado Gizarte Ongizate ordezkariak jakinarazi du atal horretan indar berezia jartzen ari direla.
Horrela, 2013an, 239.599 euro bideratu zituen udalak gizarte emergentzia gaiak atenditzeko, eta beste 52 laguntza berezi eman zituen beste hainbeste familiari alokairua edo kreditua ordaintzen laguntzeko. Bestalde, neguko planaren barruan 28 pertsonari eman zitzaion zerbitzua.
Cruzadok gogorarazi du udaleko zerbitzu hori Gizarte Ongizate Aholku Batzordearekin batera koordinatzen dela. Horretan hiriko hainbat talde eta eragilek parte hartzen dute.
Etxegabetzeak
Gizarte Ongizate ordezkariak gogorarazi du 2013ko apiriletik udalak baduela programa bat etxegabetzea izan dutenei, edo hori izateko arriskua dutenei laguntzeko. Horren harira, esan du afektatu horien laguntzarako hainbat tresna dituela udalak, eta laguntza ditu bidez emateaz gain (39.959 euro iaz), laguntza psikologikoa, juridikoa eta bestelakoa ematen duela. Horretan Stop Kaleratzeak taldearekin elkarlana bilatu du.