2015eko ekainean eginda egongo da Irungo Palmera-Monteroko gizarte zentroa
Lanak ondo doazelako, 2015eko ekainerako eginda egongo da Irungo Palmera-Montero eremuko gizarte zentroa. Hala jakinarazi zuen astelehenean, obretara egindako bisitan, Jose Antonio Santano alkateak. Harekin batera egon ziren bisitan Hirigintza eta Lan zinegotziak, Miguel Angel Paez eta Cristina Laborda hurrenez hurren.
Orain lan horien barruan egiten ari direna da inguruko murruak, kontentziokoak, 20 bat metrokoak. Horiek ahalbidetuko dute zentroaren inguruko eraikinen segurtasuna. Alkateak esan zuen Irunentzako egitasmo garrantzitsua izango dela Palmera-Monterokoa, horren barruan elkarte eta eragileentzako aretoak, udaleko hainbat zerbitzu eta gune komertzialak egingo dituztelako. Udaleko zerbitzuen barruan, alkateak esan zuen hiriko erdigunetik urrun dauden hainbat Palmera-Monterora eramango dituztela, “horiekin erraztasunak emanez hiritarrei, eta gainera hainbat alokairutan aurreztuko dugu”. Horiek eraikinaren 1.400 metro koadro hartuko dituzte.
Bestalde, ekipamendu orokorretarako 1.000 metro koadro izango ditu Palmera-Monterok, 500 Bidasoa Bizirik-entzat, eta beste 800 hiriko elkarteentzat. Horrez gain, beheko solairuan lokal komertzialak joango dira (1.610 metro koadro), eta horren azpian supermerkatu bat, 1.745 metro koadrokoa.
Eta 116 plazako lu azpiko parkina ere izango du, eta horrek suposatuko du 7.800 metro koadroko urbanizazio lanak egitea gainazalean, oinezkoentzako tokiekin, nahiz lorategiarekin.