Alkartasunak herritarrekin batera osatu nahi du kultur hamabostaldiaren egitaraua
Alkartasuna dantza taldeak 50. urte bete ditu aurten, eta hori dela eta, urtero ospatzen duen kultur hamabostaldia berezia izatea nahi dute. Herritarrei, elkarteei eta herriko beste edozein eragileri gonbidapena luzatu diete, jarduera kultural bat antolatu eta Alkartasunaren kultur hamabostaldiaren egitaraua txertatzeko. Part hartzeko baldintzak bi baino ez, antolatutako jarduera kultura izatea eta euskaraz izatea.
Iniziatiba honekin Alkartasunak hamabostaldiak hasieratik izan zuen helburuari bultzada eman nahi dio. “Herritarrak kulturara hurbiltzea, parte hartzera animatzea, haren garrantziaz jabetzea eta euren arabera egitea” horixe xedea. Horregatik Kultura herritarron eskura lemapean gauzatuko dute iniziatiba.
Hamabostaldia maiatzaren 31etik ekainaren 15era bitartean izango da, eta urtero legez, Alkartasunak dinamizatuko du. Zerbait antolatzeko asmoa dutenek apirilaren 11 baino lehen adierazi behar diote asmoa dantza taldeari alkartasunaedt@gmail.com helbidera edo facebooken idatzita, baita 676701869 telefonora zenbakira deituta ere.
Hamabostaldia, urtero legez, helduen eta txikien dantza taldeen erakustaldiekin abiatuko da. Aurtengo aurkezpenak bereziak izango direla aurreratu dute.