Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak urteak daramatza oiartzuera jasotzen Oiartzuarren Baitan proiektuaren barruan. Hortik ateratako hiztegia argitaratuko dute aurki, Oiartzueraren Astean.
Hainbat motibazio saio egin dituzte, jendeak bere hizkuntza ohituren inguruan pentsatzeko asmoarekin.
Herriratzeko garaia ailegatu da, barne lana kalera ateratzeko momentua. Eta hori premia batek bultzatuta izan da, oiartzuera indartzeko premia. Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak urte dezente daramatza oiartzuera jasotzeko ondarea biltzen eta lantzen Oiartzuarren Baitan proiektuaren barruan, eta orain dela gutxi arte hori guztia barne mailan egiten zuten: adineko oiartzuar bati bideoan grabatu, gero transkribatu eta hortik hiztegirako sarrerak atera. Barne lan hori eta emandako fruitua (hiztegia) argitaratu eta aurkeztu egingo dute aurki.
Beharrak asetzeko tresna bat izango da hiztegia, herriko eragileek zein edozein herritarrek erabiltzeko modukoa. Lekukotasun batzuetatik abiatuta egin dute hiztegia Ttur-tturrekoek, eta jasotako formak Oiartzunen bereizgarriak diren formak dira, ez Euskal Herri guztian ohikoak direnak.
Oraindik bukatuta ez badago ere, oraindik elkarrizketa asko dituzte entzuteko, orain arte egina dagoena herritarren esku jarri nahi izan dute. Irekia da, beraz. Gainera, iruzkinak egiteko aukera ere badago, herritar guztien artean osatzeko zerbait izatea nahi dute.
Beharrak herriko eragileekin egindako motibazio saioetan atera ziren. “Jendea bere hizkuntza ohituren inguruan pentsatzen jartzea zen gure helburua. Udaleko zinegotziekin egin genuen saioa, irakasleekin, udalekuetako begiraleekin… askorekin bildu ginen”, azaldu du Ane Badiola Oiartzuarren Baitan proiektuko arduradunak.
Euren asmoa orain dela 50 urte Oiartzunen hitz egiten zen bezala hitz egitea ez dela nabarmendu du Badiolak: “Guri ez zaigu hainbeste axola lehen nafarrerago hitz egiten zela oiartzuera, eta orain gipuzkoartzen ari dela”. Argi dute hizkuntza kalitatea eta erabilera lotuta daudela eta kalitatean eragin behar dela erabilera bultzatzeko. “Oiartzungo datuak hartzen baditugu ezagutza maila ikaragarria dela ikus dezakegu, baina erabilera jaisten ari da urtetik urtera”, esan du.
“Adibidez, gazteek zergatik jotzen dute gaztelerara? Ez dutelako erregistro txukun bat beren hizkeran. Goenkaleko euskara transmititzen badiegu gazteei, errazago joko dute erdarara, naturalagoa egiten zaielako”, esan du Badiolak. “Gazteek norbait haizea hartzera bidaltzeko ‘jon por culo hartzea’ esango dute. Gure asmoa ere gazte hizkeran eragitea eta astintzea da, eta kasu horretan ‘jo zak/n paeta’ esan dezatela”.
Askotan gertatu ohi den bezala, saioetan teorizatu egiten da, baina gero praktikara eramatean arazoekin topo egiten da. Eta hori dena motibazio saioetan atera zen. “Ados, baina orain zer? Nola aplikatuko dugu hau haurrekin, gazteekin…?”, galdetzen zuten parte hartzaileek. Tresnak behar ziren, eta orduan hasi zen Ttur-ttur bere proiektuak herriratzen.
“Arazoetatik atera dira tresnak. Horietako bat irakasleena zen, batzuk kanpokoak direlako Elizalden zein Haurtzaron. ‘Nola hitz egin behar diet haurrei? Oiartzuera ikasi behar dut?’ galdetzen ziguten. Konpromisoak desberdinak dira, oiartzuarra den irakasle batek edo ez den batek ez ditu konpromiso berak hartzen”, azaldu du Badiolak. Horri irtenbide bat eman nahian, ipuinak oiartzueraz grabatuta pasatu dizkiete irakasleei, “behintzat, haurrak goxatzeko momentu hori oiartzueraz izatea”.
EBPNren bultzada
Ane Badiolak 2011n proiektuaren gidaritza hartu zuenean, webgunea eta hiztegia ziren lehentasunak. Urte horretan Oiartzungo Udalak EPBN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egin zuen. Horren bidez, euskalgintzatik hurbil zegoen herriko eragileekin, herritarrekin eta esparru desberdinetakoekin diagnostiko bat egin zen. Hortik atera zen oiartzuera lantzeko premia arlo askotan. Diagnostiko hori egin eta gero, oiartzuerak garrantzia handia hartu zuen udalarentzat. “Hor salto bat eman genuen, jendeak premia nabaritzen zuen, eta EBPNrekin ikusi genuen barne lan hori kalera atera behar genuela”, esan du proiektuaren koordinatzaileak.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia martxan jarri aurretik Oiartzuera Taldea bazegoen, baina nahiko pattal zegoen: “Talde hori indartzeko beharra ere ikusi genuen”.
[box]
Egitaraua
- Apirilaren 8a, asteartea. Hiztegiaren aurkezpena eta luntx ttiki bat. Udaletxeko areto nagusian, 18:30ean.
- Apirilaren 9a, asteazkena. Euskararen kate hautsiak liburuaren aurkezpena eta mahai ingurua. Udaletxeko areto nagusian, 18:30ean.
- Apirilaren 10a, osteguna. Ogiyik karri etzun semia antzezlana. Udaletxeko areto nagusian, 18:30ean.
- Apirilaren 11, ostirala. Hikalaguneko hastapen ikastaroa, giro informalean. Manuel Lekuona bibliotekan, 18:30ean.
- Aste guztian zehar (apirilaren 7tik 13ra). Euskara, ospeletik eguterara erakusketa. Udaletxeko areto nagusian, 09:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara. [/box]
Erreportajea osorik irakurtzeko
hemen.