Sei alkateen agerraldia
Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Goreneko Kontentzioso-administratibora jo dute Pasaia, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Usurbil eta Hernaniko udalek, eta helegitea jarri San Marko Mankomunitatean PSE-EE, EAJ eta PP alderdiek onartu dituzten aurrekontuei. Sei udalerrietako alkateek agerraldia egin dute gaur goizean helegitea jartzera eraman dituzten arrazoiak azaltzeko. Haserre azaldu dira Amaia Agirregabiria, Aiora Perez San Roman, Mertxe Aizpurua, Luis Intxauspe, Andoni Gartzia eta Ainhoa Zabalo, Pasaia, Oiartzun, Usurbil, Hernani, Astigarraga eta Lezoko alkateak hurrenez hurren, atez ateko bilketa egiten duten herriek edukiontzi bidez egiten duten gainontzeko udalerrien bilketaren ordainketan parte hartu beharko dutela aurreikusten delako San markoko aurrekontuetan,. “Hernani, Lezo, Usurbil, Astigarraga, Oiartzun, eta Pasaiako herritarrak, Donostia, Urnieta, Lasarte eta Errenteriako bilketaren parte bat ordaintzera zigortu nahi ditu PSE-EE, EAJ, PP hirukoteak, horretarako mankomunitatearen estatutuak urratu behar badituzte ere”, salatu du Zabalok.
Mankomunitatearen Presidente Denis Itxasok “torlojuari beste itzuli bat” eman nahi diola gaineratu du Lezoko alkateak, “bosgarren edukiontziaren kosteak ere San Marko Mankomunitatea osatzen dugun udalerri guztien artean banatu nahi dituelako”. Horrek udalerri bakoitzari jasan ezin dezaken aparteko gastua suposatuko liokela esan du Zabalok. Guztiaren atzean, bosgarren edukiontzia inposatzeko Itxaso baliatzen ari den trikimailua ikusten dute sei alkateek, “zero kostean eskaintzen ari baita bosgarren edukiontzia, baina haren gastuak udalerri guztien artean banatu nahi dituelako”.
365.000 euro guztira
Aurrekontuen arabera Pasaiako herritarrek 93.000 euro, oiartzuarrek 90.000 euro eta lezoarrek 35.000 euro gehiago oradindu beharko dituzte. Hernanik 114.000 euro gehiago eta Astigarragak eta Usurbilek 30.000 euro eta 3.000 euro gehiago hurrenez hurren.
Elkarrizketaren bidean saiatu direla sei udalerrietako ordezkariak baina alferrikakoa izan dela ere esan dute, “estatutuen urraketa zuzentzeko eskatu genuen baina ez du ezertarako balio izan. PSE-EE, EAJ eta PP alderdietako kideek gehiengoaren indarra erabili dute gutxiengo bati arbitrarioki kalte ekonomikoak inposatzeko. Botere abusu hau salatzean, Itxasoren erantzuna gustura ez bagaude mankomunitatea uzteko gonbitea izan zen”, salatu du Zabalok.
Horrenbestez, sei udalek joan den hilabetearen 31n aurkeztu zuten helegitea, “bide administratiboa amaituta”, Andoni Gartzia Astigarragagako alkateak azaldu duenez. Urtarrilean aurrekontuei erreklamazioa jarri zietela baina Itxasok inolako azalpen eta argudiorik eman gabe atzera bota zituela gaineratu du Gartziak. Helegitearekin, euren udalerrietako herritarren defentsan ari direla esan du gainera, Gartziak.
San Marko Mankomunitatearen estatutuen urraketan oinarritu dute helegitea Oiartzun, Pasaia, Lezo, Usurbil, Astigarraga eta Hernaniko alkateek. Mankomunitatearen helburua hondakinen tratamendua dela eta ez horien bilketa azaldu du Gartziak, eta bertako kide diren udalerrien artean gastu orokorrak baino ez direla banatuko, biztanleriaren arabera modu proportzionalean bilduta dagoela nabarmendu du. Horri “muzin eginda”, PSE-EE, EAJ eta PPk batzordean duten gehiengoa baliatuta estatutuen kontrako gastuen banaketa “inposatu” dutela salatu du, “atez ateko bilketa egiten duten herriak ekonomikoki zigortuz edukiontzien bidezko bilketaren emaitza ekonomiko kaskarrak estali nahian”.
Karguaren erabilera
Karguaren erabilera egitea egotzi diote azkenik Itxasori bere alderdiaren interes politikoak defendatzeko: “Bere mankomunitatearen mesederako baino, bere alderdiari interesatzen zaion konfrontazio politikoa bilatzeko. Mankomunitatearen elkarbizitza kolokan jartzen ari dela esan daiteke, eta bere kudeaketak zalantza asko sortzen ditu”. Mankomunitatea osatzen duten hamar udalerreitatik bederatzin Bilduk lortu dituela alkatetzak ere ekarri du gogora Zabalok, “San Markon ordea ez da proportzio hau islatzen, hiri handiek gehiegizko pisua dutelako, eta ondorioz paradoxa honen aurrean aurkitzen gara, PSE-EEko alkaterik ez dagoen mankomunitate honen lehendakaritza alderdi horren esku egotea. Legitimazio demokratikorik gabe kudeatzen ari da mankomunitatea haren onerako baino, bere interes politikoak aurrera ateratzeko”.