EAJk Espainiako senatura eraman du Irungo Katea auzoko tren geltokiaren gaia
EAJren Espainiako senatuko taldeak, Maria Eugenia Iparragirreren bidez, Irungo Katea auzoko tren geltokiaren edo apeaderoaren gaia eraman du Madrilgo erakunde horretara. Iparragirrek Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroari galdetu zion, kontrol saio batean, ea zeintzuk izango diren geltoki hori berritzeko lanen lizitaziorako epeak. Galdera horri erantzuna eman zion Pastorrek: ekainean lizitatuko dituzte lanak.
Iparragirrek argudiatu zuen geltoki horretako lanak “txikiak” izan arren, bertako bizilagunek hamar urte daramatela geltoki berritua eskatzen, eta 2011ko apiriletik daramatela Espainiako senatuan gaiaren gaineko erantzunen zain, “egitasmo txikia izan arren, pertsonen bizitzan aldaketa izan dezakeela gisa honetako egitasmo batek, eta kaxoi batean urte luzez gelditzeko arriskua dute”.
Ekaineko dataz gain, hainbat xehetasun eman zituen Pastorrek. Esaterako, 1 andenerako bidea egokituko dutela, trenbidea gurutzatzeko bidea tokiz aldatuko dutela, geltokiko nasen inpermealizazioan eragingo dela, eta irisgarritasun baliabideak jarriko direla.